Datorren larunbatetik aurrera, atal berria izango du Urumeako Kronikak. Zubi-Lana izenburupean, atal berri honek zubia izan nahi du lana bilatzen eta eskaintzen dutenen artean.
Atal berria larunbatero argitaratuko da, Urumeako Kronikako edizioan. Beraz, bailara osoko herritarrei zuzenduta egongo da, eta denek izango dute bertan parte hartzeko aukera.
Langabetuek beraien burua eskaintzeko aukera, debalde
Atal berriak bi aukera emango ditu. Lehenengoa, lana bilatzen dutenei zuzendutakoa. Bertan, beraien burua lanerako eskaini ahal izango dute.
Bertan agertzeko aukera izango dute, Urumea bailaran bizi diren herritar guztiek. Horretarako, lana@kronika.eus helbidera, beraien burua eskaintzeko mezua bidali besterik ez dute. Asteazkenetik aurrera jasoko dira eskaerak helbide honetan.
Ostiraleko eguerdiko 12:00ak baino lehen jasotzen diren eskaintzak argitaratuko dira larunbateko alean. Eskaerak behin argitaratzeko balioko du; beraz, larunbatero azaldu nahi duenak, astero bidali beharko du eskaintza emailez.
Lan bila dabiltzanek, lana@kronika.eus helbidera bidali beharko dute beraien eskaera.
Lana eskaintzen dutenen iragarkia ere, atal berrian
Bestalde, atal berriak lana eskaintzen dutenei egingo die tartea. Horrela, lana eskaini nahi duenak iragarki merkeren bat kontratatzean, Zubi-Lana atalean ere jarriko zaio larunbatean, debalde. Aukera, Urumeako herritar guztiei luzatu zaie.