Bukatu da pistako Gipuzkoako Challenge txapelketa. Igandean jokatu zen zortzigarren jardunaldia, eta bertan izan ziren Tomas Otermin, Telmo Semperena eta Urko Semperena astigartarrak. Txapelketa bukatuta, pozik dira hiru txirrindulariak lortutako emaitzekin, azken sailkapenean emaitza onak lortu baitituzte. Tomas Otermin eta Telmo Semperena kadete mailan aritu dira; eta Urko Semperena junior mailan; hiru txirrindulariak dira Alvaro Construcciones-Donosti-Berri taldekoak.
Bi kadeteek, taldekideei laguntzeaz gain, postu onak lortu dituzte: Oterminek 15garren bukatu du eta Semperenak 10garren. Sorianako Mateo Gonzalez izan da maila honetako txirrindulari onena.
Urko Semperanak berriz, laugarren bukatu du txapelketa, junior mailan. Limousin taldeko Unai Iribar izan da hasieratik, txapelketako onena.
Challenge txapelketa atzean utzi, eta bihar, 10:00etan, kluben arteko Gipuzkoako Kopa izango da jokoan; bigarren eta azken jardunaldia izango da. Kadete mailan, Tomas Otermin eta Telmo Semperenak hartuko dute parte; beraien taldea da, gainera, faboritoa. Junior mailan, Urko Semperenaren taldea hirugarren dijoa, eta postu hori hobetzea dute helburu.