«Aitak beti esaten zidan, atletismoa zela nirea... Eta agian arrazoi zeukan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 23a, 01:00

Bi garaipen potolo lortu ditu­zu azken asteotan. Aurrenekoa, Hernaniko San Silbestrea, Ibai Alba mendean hartuta. Haundia izango zen zuretzat…
Bai, oso garaipen haundia izan zen. Motibazio berezia neukan, gainera. Wukroren aldeko San Silbestrea da, eta ni Etiopiakoa izanda, berezia izan zen. Ez nekien irabazi nezakeenik. Maila haundia dauka Ibaik, baina oso ondo aurkitu nintzen, atzetik aurre­ra eginda, eta bera­re­kin bakarrik nengoenean, dena eman nuen aldapa gora, azkeneko rektan.

Eta ondoren, Euskadiko txapeldun izan zinen jubeniletan, 3.000 metrotan.
Oso desberdina izan zen. Horretan, hasieratik tiratu nuen, nik jarri nuen errit­moa, eta pixkanaka, garbiago ikusi nuen irabazi nezakeela, konturatzean nire erritmoan, inork ez zidala pasatzen. Hala ere, marka onik ez nuen lortu, tiratzen joanda oso zaila baita.

Aurrerapauso bat eman duzula esan daiteke?
Indartsuago ikusten naiz orain, bai. Gipuzkoako Txa­pel­ketan, esaterako, hiruga­rren izan nintzen. Baina hor­tik aurrera, hobeto eta hobeto aurkitu naiz. Eta iaztik hona, nabaritzen dut maila hobea dudala, erritmo azkarra­goan nabilela.

Bikain bukatu zenuen 2015a, baina nola joan zen urtea zuretzat?
Kategoria aldaketa izan nuen 2015ean, kadetetatik jubenile­tara pasata, eta aldaketa na­ba­ritu nuen. Krosekin hasi nuen urtea, jubeniletan dis­tantzia luzeagokoak izaten direnak. Irunen egin nuen aurrenekoa, eta laugarren egin nuen. Gero, ordea, Eus­ka­diko Txapelketa ez zen ondo joan. Gaixo egon nin­tzen aurreko astean, eta ezin izan nuen errekuperatu. Bede­ratzigarren egin nuen, eta Espainiako Txapelketatik kanpo geratu nintzen.
Horregatik, asfaltoan ari­tu nintzen pixka bat, Udaberriko Lasterketa egiteko Donostian; eta marka ona lortu nuen, 36 minututik jaitsita. Eta maia­tze­tik aurrera, pistan zen­tra­tu nintzen, 3.000 metroko proban, jubeniletako luzeena.

Eta 2015a bukatu bezala, bikain hasi duzu 2016a ere. Zer espero duzu urte berrian?
Epe motzera, krosetan aritu­ko naiz. Datorren astean Eus­kadiko kros txapelketa dau­ka­gu Lasarten. Helburua da, taldeka sailkatzea Espainiako Txapelketarako; aurreneko hiru taldeak sailkatzen dira. Eta bakarka ere postu on bat lortzerik baldin badaukat, ederki! Gero, Udaberriko Las­ter­keta egin nahi dut berriro, marka hobetzeko. Eta hortik aurre­ra, 3.000 metrotan zen­tra­tuko naiz berriro.

Zein izango dira helburuak?
Markari begiratzen diogu gehiago, distantzia luzeetan. Eta aurten, 9 minutu eta 10 segunduko marka bota nahi­ko nuke. Eta lasterketei dago­kienez, txapelketak izaten dira helburu nagusiak: Gipuz­koakoa aurrena, Euska­dikoa gero… Eta Espai­nia­ko­an ego­te­ko minima lortzerik banu… Baina oso oso zaila da.

Beraz, distantzia luzeetan moldatzen zara ondoen?
Bai, hala da. Hobeto molda­tzen naiz proba luzeagoetan. Horietan, azkarrak direnak atzera geratzen joaten dira. Nik ez daukat belozidadea; gehiago daukat gaitasuna, erritmo bizi bat hasieratik bukaerara mantentzeko. Eta aurrera begira ere, proba luze­etan zentratu nahi nuke, 5.000 eta 10.000 metro­koetan.

Marjen haundia izango duzu hobetzeko…
Bai bai. Egia esan, urte eta erdi daramakit serio entre­na­tzen. 10-11 urterekin hasi nin­tzen, baina gero futbolean ari­tu nin­tzen pixka bat, esko­la kiro­lean. Eta aukeratu ahal izan nuenean, 13 urterekin, atletis­moa hartu nuen berriro.

Zergatik atletismoa?
Aitak beti esaten zidan, nirea atletismoa zela. Eta agian arrazoi zeukan… Orain asko­tan gogorarazten dit. Nik fut­bola neukan buruan, baina azkenean probatu egin nuen, eta ikusita ondo moldatzen nintzela, atletismoari heldu nion. Etxean beti babestu didate horretan. Amak asko laguntzen dit; gauzak zail ikusten ditudanean, asko ani­­matzen nau, positibo pen­tsatzen laguntzen dit.
Eta taldea ere oso garran­tzitsua da. Oso harreman ona daukagu atleta guztion arte­an, eta oso gustora entre­na­tzen dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!