Goizuetan zenbait zerbitzuren falta sumatu, eta lanean jarri da herritar talde bat, behar horiei aurre egiteko asmoz: «erakutsi nahi dugu, herritarrok ere atera ditzakegula gauzak aurrera, elkarlanean aritzen bagara, bideragarriak diren kontuetan. Ez daukagu Udalaren zain geratu beharrik, askotan Udalak ez daukalako baliabiderik horretarako», dio Unai Mirandak, taldearen izenean.
Orain esku artean daukaten proiektua, Goizuetan bertan gasolindegi bat irekitzekoa da: «herritar asko, bere egunerokoan, ez dira Hernanira edo Leitzara mugitzen; eta gasolina bota behar dutenean, propio joan behar dute bertara. Gasolina gastatu behar, gasolina botatzeko».
Horregatik, herrian gasolindegia jartzea da asmoa, 24 orduz zabalik egongo dena, autozerbitzuzkoa, eta besteak baino merkeagoa. «Helburu nagusia, herritarrei zerbitzu bat ematea da», dio Mirandak.
Bileraren helburua, herritarrei jakinaraztea
Eskolako jangelan egin zuten bilera larunbatean: «helburua zen, herritarrei jakinaraztea zertan ari garen, eta ikustea zer nolako onarpena zuen proiektuak. Eta oso indartuta atera gara, oso onarpen zabala izan du. 100 bat lagun bertaratu ziren, oso herritar anitzak: gazte, heldu, baserritar... Oso positiboa izan zen bilera».
Horregatik, proiektuarekin jarraitzeko «ilusionatuta eta lanerako gogoarekin» azaldu da talde antolatzailea.
Zortzi-hamar lagun elkartu dira orain arte, baina ateak zabalik dauzkate, nahi duten guztientzat. Aurrena, gasolindegia eraikitzea posible ote den galdetu zuten, eta baiezkoa jaso dute. Martxan jartzeko, berriz, kooperatiba bat sortu beharko lukete, eta horretarako jarraitu beharreko prozesua eta pausoak ere aztertu dituzte.
Hirugarren pausoa, gasolindegiaren bideragarritasuna aztertzea izanen da.
Inkesta, herritarrei
Bideragarritasuna aztertzeko, inkesta pasako diete herritarrei, hiru galderarekin: gasolindegi horretan kontsumitzeko prest dauden; zenbateko kontsumoa izaten duten; eta kooperatibako bazkide izateko prest dauden.
Datozen asteotan pasako diete inkesta herritarrei, eta jasotako emaitzekin, bideragarritasun plan bat eginen dute.
Momentuz, inpresio ona jaso du taldeak: «gasolindegia jartzeko asmoak interesa piztu du herritarren artean, eta hori oso garrantzitsua da guretzat», nabarmendu du Mirandak.