Larunbatean hasi zen Gipuzkoako Batel Liga, eta Hernaniko Arraun Elkarteak 8 batel uretaratu zituen, Pasai Donibanen jokatu zen aurreneko jardunaldian.
Jubenil mailako mutilen A ontziak lortu zuen posturik onena, bigarren egin baitzuen, Getariaren atzetik. Baina gainontzeko batelek egindako lanari esker ere, «klubak itxura ona eman zuen», elkarteak jakinarazi duenez, «eta oraindik, hobetzeko tartea du».
Hiru batel nesketan, eta beste bost mutiletan
Guztira, 8 batel uretaratu zituen Hernaniko Arraun Elkarteak.
Nesketan, infantil-kadete mailako, promesetako A ontzia ibili zen ondoen; 16ren artean laugarren egin zuen, 5:15eko denborarekin, Hibaikatik, txapeldunarengandik, 13 segundora. Promesen B ontziak, bestalde, 12garren bukatu zuen, 5:57ko denborarekin, Hibaikatik 55 segundora. Absolutuetan, jubenil-seniorrak, bosgarren izan ziren, 10:18 eginda, Hibaikatik 39 segundora.
Joxe Mari eta Aralar tabernetan ere aukera dago orain, klubeko bazkide egiteko.
Mutiletan, jubenilen A ontziak egin zuen markarik onena; bigarren egin zuen, 9:24ko denborarekin, Getariatik 11 segundora. Jubenilen B ontziak, bestalde, 10garren bukatu zuen, 9:48 eginda, Getariatik 35 segundora. Kadete B mailakoak 18garrenak izan ziren, 8:32ko denborarekin, Oriotik minutu eta 40 segundora. Kadete A mailakoak, berriz, 9garrenak, 7:32rekin, Oriotik 40 segundora. Eta infantilek 7garren egin zuten, 5:48ko denborarekin, Oriotik 36 segundura.
Oraindik hasi besterik ez da egin Gipuzkoako Batel Liga, baina badirudi gertutik segi beharko diela Hernanik, Hibaika, Orio eta Getariari.
Bazkide egiteko aukera, baita tabernetan ere
Klubak azaroan jarri zuen martxan bazkide kanpaina. Orain arte, besteak beste, hernaniarrauna.com webgunean zegoen aukera, baina orain, Joxe Mari eta Aralar tabernetan ere eman daiteke izena.