Aurretik bazekien Hernanik, partidu bikaina eginda ere, zaila izango zela punturen bat ateratzea atzoko hitzordutik. VRAC arerioaren maila eta etxekoen bajak, are zailago egin zuten erronka. Valladolideko taldea izan zen nagusi partidu osoan, eta hala erakusten du markagailuak: 0-41.
Hernani bete-betean sartu zen partiduan aurreneko minututik. VRACen erasoak defendatzea izan zen, batez ere atzo, trikoloreen lana. Eta ondo egin zuten betebehar hori. Valladolidek aurreneko entsaioa 5garren minutuan egin zuen; eta bigarrena 28an. Tarte hori izan zen partiduko momenturik parekatuena. Klabea berriz, aurreneko zatiaren amaieran egon zen. Ordura arte 0-12 zijoan Valladolid aurretik, eta Hernanik entsaioa egiteko bi aukera garbi izan zituen; nahiz eta ez zuen gauzatzerik lortu. Azken jokaldian VRACen kontraerasoak partidua ia erabakita utzi zuen. Bigarren zatia hasi zenean, 0-19 zen VRAC aurretik. Hernani saiatu zen eusten, baina beste lau entsaio egin zituen Gaztelako taldeak. 0-41 bukatu zen atzoko neurketa.
Bartzelonaren kontra, partidu oso garrantzitsua
Bartzelonari bisita egingo dio Hernanik asteburuan. Partidu oso garrantzitsua izango da Polidoriren mutilentzat. Bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, 20 punturekin; eta kataluniarrek partidu bat gutxiago dute. Hernani 9garren dijoa, sailkapenean.