«Errioxar edo Baigorriko, Bakio nahiz Hernaniko, topa dakigun eta bakean, bizi gaitezen betiko» kopla hernaniarrekin abestuz ireki zuen atzo Oskorrik, 2016ko Txotx Denboraldia. Aurkezpen ederra izan zutela eta, gehitzeko zuten bakarra, esker hitzak zirela azaldu zuten: «benetan esan nahi dugu, kontentu eta harro gaudela festa honetara gonbidatu gaituztelako». Hitzekin asmatuko ez zutela eta, kopla bat kantatu zuten. Sagardogileen eskutik oroigarri bat jaso zuen atzo Oskorrik, eta txotxetik sagardo berria hartu, eta elkarrekin topa eginez oihukatu zuten: «hau da gure sagardo berria».
«Oso sagardo ona da, aurtengoa ere»
Klimatologiak lagunduta, aurtengo sagardoa ere oso ona dela azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak, ekitaldi hasieran: «uzta oparoa izan da eta sagardoak puri purian ditu bere propietate guztiak. Horrek eragin du oso sagardo ona izatea». Bestalde, jakinarazi zuen sagardogileek, ostalariek, Kaxko auzo elkarteak eta Udalak bestelako zerbitzu eta antolaketak prest dituztela: «prest dira garbiketa bereziak, komun gehiago eta bisitari guztiak ondo artatzeko zerbitzuak».
Kanpaina berri bat ere martxan jarri dutela azaldu zuen Intxauspe alkateak: «Hernanin gozatu eta arduraz jokatu dio, eta eskatzen diegu bisitari guztiei sagardotegiez disfrutatzea, baina arduraz».
Bestalde, Kaxko elkartearekin eta Berriakeko dendariekin txartel batzuk egin dituztela ere azaldu zuen Intxauspek: «txartel horiek herriko leku ezberdinetan aurkituko dituzue, eta bertan azalduko da jarrera horiek nolakoak diren».
Jarrera sexistak eta matxistak usatzeko kanpaina bat ere martxan jarri dutela azaldu zuen Alkateak: «ez da bereziki txotx garairako, urte osorako baizik. Baina badakigu txotx garaian jarrera sexistak gertatzen direla».
Oskorriri pasu eman aurretik, gogoratu zien Plazara gerturatutako guztiei dena prest dagoela: «Sagardotegietan prest dago sagardoa, bai hernaniarrentzat eta baita bisitarientzat ere».
Kaizoku, garaile
Pintxotx lehiaketako sari banaketa ere, atzo egin zuten. Astigarragako Kaizoku izan da irabazlea, eta Sarak jaso zuen saria. Bestalde, nahiz eta ez irabazi, aipatu Hernanin boto gehien jaso dituen pintxoa Tripontzikoa izan dela.