EGILEA: ESTITXU NEIRA MARTINEZ
Zer sentitzen duzu aurtengo Astigarragako txotx irekierako protagonista izango zarela jakinda?
Izugarrizko poza sentitu nuen proposamena egin zidatenean.
Sagardoak gure lurraldean sekulako garrantzia du, eta horren parte izatea ohore handia da neretzat. Oso harro nago neregan pentsatu dutelako, eta are gehiago, ikusita zer nolako pertsonai ospetsuek hartu duten parte aurreko urteetan.
«Etxera itzultzerakoan bertakoek egindako lana baloratu eta miresten dutela ikusteak izugarrizko ilusioa eragiten du»
Sagardo zalea zara?
Bai zalea naiz, gustatzen zait noizean behin sagardotegietara senide zein lagunekin gerturatzea. Horrelako otordu bat beti gustura hartzen da.
Sari eta errekonozimendu ugari jaso dituzu zure ibilbidean zehar, baina etxean ematen direnean bereziak izaten dira?
Bai hala da, etxeko errekonozimenduek beti xarma berezia dute. Urte guztian zehar munduan barrena bidaiatzen ibiltzen naiz, lana gogor eginez, eta etxera itzultzerakoan bertakoek egindako lan hori baloratu eta miresten dutela ikusteak izugarrizko ilusioa eragiten du.
«Atzerriko lagunak Euskal Herrira etortzen direnean, aukera izanez gero, beti eramaten ditut sagardotegira»
Bidai batean egindako lagunen bat ekarri al dezu inoiz sagardotegi batera?
Bai askotan egiten det gainera. Atzerriko lagunak Euskal Herrira etortzen direnean, aukera izanez gero, beti eramaten ditut sagardotegira. Eraman ditudan guztiei txotx egiteko erritua harrigarria egin zaie, eta guztiei esperientzia berezia eta polita iruditu zaie.
Zuri lehiatzen ari zaren herrialdeko txokoak eta kultura ezagutzea gustatzen zaizu?
Bai kanpoan ibiltzen naizenean lehiatzeaz gain, bertako jendea eta ohiturak ere ezagutzea gustatzen zait. Tartetxo bat aurkitzen dudanean leku berriak bisitatzera joaten naiz, ikusmin handia dut horretarako.
«Gure lurraldeko turismo eragile nagusiak surfa eta gastronomia dira, sagardotegiak barne»
Surfean daramatzazun urte hauetan guztietan olatu asko hartu dituzu. Zeintzuk dira zuretzat kutunenak?
Etxean nagoenean Mundakan surfeatzea gustatzen zait gehien. Kanpoan nagoenean aldiz, esaterako Hawaiien, Pipelineko olatuak dira bereziak neretzat; eta baita Tahitiko Tehaupookoak ere.
Sagardoak Euskal Herriarentzat turismo eta ekonomia aldetik bultzada handia suposatzen du. Ba al du horretan surfarekin nolabaiteko antzik?
Bai guztiz. Gure lurralde honetan, nere ustez turismoaren eragile nagusiak surfa eta gastronomia dira; azken hau bere modalitate guztietan, eta noski, sagardoaren mundua da horietako bat.
«Bertako eta sasoiko produktuak jaten ditut gehienbat egoki elikatzeko»
Kirolaria izanik sagardotegiko menua ezin izango dezu sarritan jan. Dieta zorrotza jarraitzen dezu sasoi onean egoteko?
Dieta zorrotza baino egoki eta osasuntsu jaten ahalegintzen naiz. Euskal Herrian elikagai egokiak ditugu horretarako. Gehienbat, bertako eta sasoiko produktuak jaten ditut egoki elikatzeko.
Zure jarduera profesionalean lorpen garrantzitsuak izan dituzu; esaterako, 2007.urtean Europako txapeldun izendatu zinen. Nola ikusten dezu etorkizuna?
Oraindik ere nere prestakuntza eta karrerarekin topera nabil; eta are garrantzitsuagoa dena, sekulako gose eta ilusioa izaten jarraitzen dut. Beraz, asko atzeratu gabe espero dut berriz ere maila gorenean onenen artean lehiatzen egotea; eta horrekin batera, sariak etor daitezela.
«Laster maila gorenean onenen artean lehiatzen egotea espero dut, eta horrekin batera, sariak etor daitezela»
Bukatu berri den 2015 urteko lanari zein balorazio egingo zenioke?
Oso urte polita izan da. Munduko 34 onenen arteko zirkuituan parte hartu dut eta alde horretatik maila ona erakutsi dut, beraz, konpetibitate aldetik balorazio oso ona egiten dut. Bestetik, asko bidaiatu dut olatu berrien bila, dokumental bat ere grabatzen aritu naiz; beraz pozik, orokorrean, urte biribila izan da.
Egun gutxi barru zuk emago diozu hasiera txotx denboraldiari, eta noiz emango diozu hasiera aurtengo surf denboraldiari?
Entrenamenduekin hasiak gar jada, baina hil honen erdialdean gutxi gorabehera hasiko gera buru-belarri txapelketak prestatzen.
Zeintzuk dira 2016 urterako dituzun proiektu profesionalak?
Alde batetik, maila gorenean munduko biran lehiatzea da helburu nagusia. Beste aldetik, surfak ematen dizkidan bidaiak egitea, munduan barrena. Orokorrean disfrutatzen jarraitzea, ikaragarrizko zorte ona dut gehien gustatzen zaidanaz bizi naizelako, eta egunez egun hori aprobetxatzen saiatuko naiz.
Urre koloreko olatuak hartzen
Urte berria hastearekin batera txotx denboraldia ere zabalduko da urtarrilaren 13an Astigarragan. 2016an ospatuko den Sagardo Berriaren Eguna XXIII.a izango da.
Sagardoaren Lurraldeak antolatu duen irekieran, sagardo berria dastatzeko aukera izango duen lehenengoa Aritz Aranburu surflari zarauztarra izango da, eta berak botako du aurtengo Gure sagardo berria oihua.
Eguerdiko 12:00etan Sagardoetxean aurkezpen ekitaldia ospatuko da. Bertan, Jesus Maria Santos Astigarragako alkateak, uztaren inguruko xehetasunak eta sagarra zein sagardo berriaren inguruko ezaugarriak azaltzearekin batera, sagardoaren munduko gertakari garrantzitsuen berri ere emango du.
Ondoren, Sagardoetxeako sagastian sagarrondo berri bat landatuko du aurtengo gonbidatuak, hau da, Aritz Aranburu surflariak. Ekintza sinboliko honen bidez, naturak duen dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena erakutsi nahi dira. Urtetik urtera, mahai baten eta sagardoaren inguruan esertzeko parada ematen baitigu.
XXIII. edizio honetan, urtero bezala, eguneko unerik garrantzitsuena txotx irekierakoa izango da. Aurten, lehen aldiz Hernaniko sagardotegi batean ospatuko da, Zelaia sagardotegian, hain zuzen ere. Lehenengo kupela zabaltzerakoan, urteko lehen tragoa emango dio Aritz Aranburuk; eta bertan daudenek bere ahotik Gure sagardo berria hitzak entzuteko aukera izango dute. Honekin batera, txotx denboraldi berriari emango zaio hasiera Astigarragan.
URTARRILAREN 13KO EGITARAUA
11.30-12.00: Komunikabideei akreditazioak banatuko zaizkie Sagardoetxean.
12.00: Prentsaurrekoa egingo dute Sagardoetxean. Bertan, 2015eko uztaren ezaugarriak, sagardo berriari buruzko datuak eta sagardogileen munduko gertakari garrantzitsuenak azalduko dituzte.
12.45: Aritz Aranburu gonbidatuak Sagardoetxeako sagastian sagarrondo bat landatuko du.
13.30: Txotx irekierako protokoloa ospatuko da Zelaia sagardotegian. Txapalapartarien deiaz, sagar dantzaz eta sagardogileen soka dantzaz Aritz Aranburu kupelera gerturatuko da.
13.45: Zelaia sagardotegian lehen kupela irekiko da eta gonbidatuak lehen tragoa dastatuz, Gure Sagardo berria oihukatuko du. Une horretan, ofizialki txotx denboraldi berriari emango zaio hasiera. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehen menua dastatuko da.
18.00-20.30: Pintxotx eskainiko da Astigarraga zein Hernaniko tabernetan zehar.
20.30: Rezola Sagardotegian talde kulturalen afaria egingo da.
TXOTX IREKIERETAKO PROTAGONISTAK
2016an Astigarragako sagardo irekiera egiteko Aritz ARANBURU surflaria gonbidatu dute, baina aurreko XXII edizioetan esparru ezberinetako hainbat pertsonai ospetsuk ere hartu du parte ekitaldi honetan.
1994, Andoni EGAÑA bertsolaria.
1995, Jose Maria BAKERO futbolaria.
1996, Javier CLEMENTE entrenatzailea.
1997, Julian RETEGI pilotaria.
1998, Miguel INDURAIN txirrindularia.
1999, Juan Mari ARZAK sukaldaria.
2000, Pedro Miguel ETXENIKE fisikaria.
2001, Joane SOMARRIBIA txirrindularia.
2002, Martin FIZ atleta.
2003, Abraham OLANO txirrindularia.
2004, Periko, Mikel eta Xabi ALONSO futbolariak.
2005, Ainhoa ARTETA sopranoa.
2006, Jose Luis KORTA arraunlaria.
2007, Juan MARTINEZ DE IRUJO pilotaria.
2008, Andoni Luis ADURIZ sukaldaria.
2009, Aimar OLAIZOLA pilotaria.
2010, REAL SOCIEDAD futbol taldea.
2011, Karlos ARGIÑANO sukaldaria.
2012, Julian IANTZI aurkezlea.
2013, LA OREJA DE VAN GOGH musika taldea.
2014, KALAKAN musika taldea.
2015, LOREAK filmeko protagonistak.