SANTUTXUREN aurka jokatuko dute CD Hernaniko jubenilek gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Zubipen. Oso partidu garrantzitsua izango da gaurkoa jubeniletako mutil taldearentzat; Santutxu baitago Liga Nazionaleko lehenengo postuan, 39 punturekin. Segidan daude Athletic B, Real Sociedad B eta CD Hernani, hirurak 34 punturekin.
Hala ere, kontuan izan behar da joaneko partiduan 1-1 bukatu zutela eta antzeko maila erakutsi zutela.
Santutxu: mailaz igo nahi duen taldea
Gaurko partidua zaila bezain zirraragarria dela aitortu du Jon Loran jubenilen taldeko koordinatzaileak: «Santutxukoek denboraldi guztia daramate lehenengo postuan eta beraien helburua mailaz igotzea da, beraz, presio gehiena dute beraiek; guk, aldiz, ilusioa daukagu eta horrekin jokatuko dugu, hankak lurrean izanda».
Euskal Ligatik, Liga Nazionaleko aurreneko postuetara
Aurreko denboraldian egin zuen salto jubenilen taldeak Liga Nazionalera: «taldeak meritu haundia dauka kategoria oso zorrotza delako, kalitate aldetik, oso talde onak daudelako, erdi-profesionalak dira», Jon Loranek azaldu duenez. Hala ere, CD Hernaniko taldea lehenengo postuetan dago, Santutxuko mutiletatik 5 puntura: «taldea oso ondo jolasten ari da eta oso pozik gaude».
«Partiduz partiduko helburuak jartzen ditugu, erotu gabe»
Loranek dioen bezala denboraldi ona egiten ari diren arren, hankak lurrean dituztela eta horrela jarraitu nahi dutela onartu du: «egunetik egunera oso ilusionatuta daude mutilak. Erronka polita da hor egotea, baina argi daukagu ez garela erotu behar, horregatik, helburuak partiduz partidu jartzen ditugu, etorkizunean pentsatu gabe».
Herritarrei deia, Zubipera jaisteko
Oso partidu garrantzitsua eta zirraragarria izango da gaurkoa, eta CD Hernaniko jubenilek izugarrizko ilusioarekin hartu dute erronka hau.
Horregatik, Jon Loranek, eta talde teknikoko gainontzeko kideek, herritarrak animatu nahi dituzte gaur arratsaldean Zubipera: «partidu polita izango da eta oso erakargarria futbola gustatzen zaionarentzat».
Erregional Ohorezko maila:
Oiartzunera gaur, garaipenaren bila
Aurreko astean Touring CDren aurka 0-1 irabazi ondoren, Oiartzungo Karla Lekuona zelaian jokatuko dute gaur, arratsaldeko 15:45etatik aurrera. Goreneko postuetan jarraitzeko helburuarekin, indartsu aterako dira hernaniarrak zelaira, garaipenaren hiru puntuak etxera ekartzeko.
Emakumezkoen Euskal Liga:
Arratiaren aurka, bihar Igorren
Besainen aurkako porrotaren ondoren, irabazteko beharra daukate Euskal Ligako neskek. Bihar dute hurrengo aukera hiru puntuak etxeratzeko. Arratiaren aurka jokatuko dute Igorren, arratsaldeko 18:00etan hasita. Arratia bigarren postuan dago; Hernani, ordea, hamahirugarrenean.