Gasolindegi bat jarri nahi dute martxan Goizuetan, eta horretarako, kooperatiba bat sortzea da asmoa. Horretarako, herri batzarra deitu dute gaur. Goizeko 11:00etan izanen da bilera, eskolako jangelan.
Horretara, herritar guztiei luzatu diete azaltzeko deia, «guztion artean gauzak irekitzen hasteko herrian», bileraren antolatzaileek adierazi dutenez.
«Egun osoa irekia eta beste gasolindegiak baino merkeagoa»
Asmoa da, sortu nahi duten gasolindegia egun osoan egotea zabalik, «eguneko 24 orduetan, eta beste gasolindegiak baino merkeagoa izanen da», azaldu dutenez; «eta gainera, Goizuetan bertan egonen da».
Horrelako proiektuekin, «ondorengoei herri bizi bat» utzi nahi diete, «eta herriari bizirik eutsi», deialdian jakinarazi dutenez.
Eta horretarako, aldarrikatu dute beharrezkoa dela «denon artean hastea gauzak sortzen, gauzak egiten eta gauzak irekitzen».