«Aurten zuku gutxiago eman du sagarrak, baina fuerteagoa, zapore gehiagorekin»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Nolakoa izan da urtea, eta nolakoa uzta?
Urte egokia izan da uzta lantzeko. Udazken lehorra izan dugunez, sagarra ez da haunditu, eta aurreratu egin da; baina horregatik, gorputz haundiagoa dauka sagarrak. Uzta ona izan da aurtengoa.

Eta sagardoa, zer moduzkoa?
Zuku gutxiago eman du sagar bakoitzak, baina eman duen zukua oso ona da. Fuerteagoa atera da sagardoa, zapore gehiagorekin; gorputz haundikoa, eta gradu bat edo gradu erdi gehiagorekin. Eta kolore gehiago dauka, aurreko urteetan baino.
%80a izan da bertako sagarra, eta beste %20a frantsesa. Bertakoarekin nahasteko oso ona da, eta joku haundia ematen dio.

Gogotsu hasiko zenuten txotx denboraldia.
Bai bai, gogotsu eta ‘behartsu’! Urte osoan dau­ka­gu zabalik, baina txotx denboraldia da garai ga­rran­­tzitsuena. Asteburuak gogorrak izaten dira, baina bere ordainsaria dauka. Jendea astez gehiago animatuko balitz... Izan ere, lasaiago ibil­tzen gara orduan, eta aukera dago komentatzeko, dauz­kagun 18 kupeletatik probatzeko, azalpenak emateko...

Zer aukera daude Rezolan, sagardoaz gozatzeko?
Urte osoan zehar, betiko sagardotegi menuaz gain (bakailu tortilla, bakailu frijitua piperrekin, txuleta, gazta, menbrilloa eta intxaurrak), bestelakoak ere prestatzen ditugu enkarguz: edozein arrain parrillan, edota arkumea, txerrikumea eta antxu­mea burduntzian. Eta entsaladak, onddo rebuel­toak, kazuelak, bakailua edozein erara...

Nolakoa izaten da txotx denboraldia Rezola sagardotegian?
Motel hasten da, eta urtarrila zaila izaten da, jendea ez da hainbeste animatzen. Pixkanaka has­ten dira animatzen. Gero, Aste Santuak markatzen du asko, moztu egiten duelako. Aurten goiz izango da, baina aukera emango du, jendea oporretatik bueltatzean ere txotxarekin jarraitzeko.

Zer berezitasun ditu sagardotegiak?
Hemen Rezolan, museo moduko bat daukagu. Garai bateko tresneria ikusteko aukera dago, sagardotegian bertan, eta jendeak pozik ikusi eta galdetzen du. Eta bestetik, kupela guztiak tenteka dauzkagu. Niri politagoak iruditzen zaizkit horrela, eta zenbaitek, esaten dute sagardo hobea dela, zutik dauden kupeletatik ateratzen dena.

Nola animatuko zenuke jendea sagardotegira?
Esango nieke giro polita izaten dugula beti, oso giro euskalduna gehienetan. Hori bai, norberak jarri behar du giroa! Hona etortzeko, gainera, komunikazio oso ona daukagu, autobusaren geltokitik 300 metrora baitago. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!