Bukatu berri den 2015 urteari errepasoa eman eta balantzea egiteko, urteroko batzarra deitu du Galtzaur jubilatuen elkarteak, datorren asterako. Asteazkenean jarri dute biltzeko zita, Astigarragako udaletxeko Pleno aretoan. Goizeko 11:30etan hasiko da batzarra.
Elkarteak bazkide guztiei luzatu die deia, bertaratzeko, 2015 urtea nolakoa izan den ezagutzeko.
Bost puntu, lantzeko
Batzarrean, bost puntu landuko dituzte. Aurrena, 2014ko akta irakurri eta onartuko dute, eta jarraian, 2015eko ekintza eta ekitaldien memoria egingo dute.
Gero, urtean zehar izan ziren bazkide aldaketak emango dituzte aditzera, eta bukatzeko, 2015eko dirulaguntzak eta gastuak jakinaraziko dituzte juntako kideek, erregu eta galderen tartea zabaldu aurretik.
Bazkaria, Oianumen
Batzarraren ondoren, elkartearen bazkaria egingo dute. Oianume jatetxean izango da, zitarako bereziki prestatutako menuarekin. Eguerdiko 13:30etan abiatuko dira jatetxera.