Lehertu da sagardoaren olatua!

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Hasi da txotx denboraldia Astigarragan, eta zabaldu dituzte kupelak sagardotegi guztietan. Asteazkenean egin zuten txotx irekiera, eta Aritz Aranburu surfistak hartu zuen aurreneko sagardo tragoa, Zelaia sagardotegian, «gure sagardo berria» oihukatu ondoren.
Aurretik, uzta eta sagardo berria aurkeztu zituzten Sagardoetxean, eta «Astigarragako sagardotegiak ezagutu eta sagardoa probatzera» gonbidatu zituen denak, Jesus Mari Santos alkateak. Gero, Sagardo Berriaren Eguneko platera eman zion omenduari, Aritz Aranbururi: «esperientzia polita da, urtero, kupel tartean ibiltzea eta txotx egitea, eta desiatzen nago aurtengo denboraldia hasteko», azaldu zuen surfista zarauztarrak.
Zelaia sagardotegira mugitu aurretik, sagarrondo bat landatu zuen Aranburuk berak, eta mundu osoko itsasoetan, sagardoaren enbajadore izatera gonbidatu zuen Maialen Lujanbiok, hiru bertsotan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!