Sagardotegian, bertsotan eta euskeraz, ‘Bota bertsoa!’ aurten ere

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Aurten ere Bota bertsoa! egitasmoa antolatu dute elkarlanean Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Eskolak. Bertsoaren eta sagardogintzaren artean harreman estua egon da beti, eta hori berreskuratzeko hel­bu­ruarekin sortu zen iaz egitasmo hau. Eta antolatzaileek diotenez oso arrakastatsua izan zen: «aurreko urteko balorazioa oso positiboa izan zen, oso giro polita sortu baitzen sagar­do­te­gietan». Horregatik, aurten iniziatiba errepikatu egingo dute.
Bigarren edi­zio honetan, Ze krisi?! gaiari eran­tzun beharko diote lehiaketan parte hartzen duten bertsoek.

Jatorri eta adin guztietako parte-hartzaileak
Proposatutako gaiarekin lotura duten bertsoak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, eta ondoren, Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako hainbat sagardotegitan jarriko diren kaxetan bota beharko dituzte. Bertan egongo dira bertsoak idazteko paperak ere. Paperean, bertsoa idazteaz gain, garrantzitsua da egilearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat jartzea.
Antolatzaileek gogorarazi nahi dute, edonork hartu dezakela parte, jatorri- edota adin-mugarik gabe. Gainera, bertsoak edozein neurri eta doinu­arekin egin daitezke.

Opari ugari, jokoan
Martxoaren 28ra arte bilduko dira bertsoak Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako sagar­do­te­gietan, eta, ondoren, Iraulio Panttalone Bertso Es­kolako kideek erabakiko dituzte bertso sari­du­nak zein izango diren.
Iaz egin zen bezala, aurten ere hainbat aspektu sarituko ditu Bertso Eskolako epaimahaiak: bertsorik sako­nena, umoretsuena, poetikoena,  teknikoena, erritmikoena, xelebreena, origi­nalena, morbosoena, kaligrafiarik txukunena duena... Eta saridunen artean hainbat opari bana­tuko dira: 2 per­tsonentzako otorduak, hainbat kaxa sagardo, Aimar Olaizolaren kamixeta... Gainera, aurten nobedade bezala Errealaren eta Real Madrilen arteko futbol partidu bat ikusteko bi sarrera bikoitz oparituko dira.

Apirilean, emanaldia saridunekin
Horrez gain, Bota bertsoa! lehiaketan saria lortzen duten bertsoekin emanaldia egingo da, bertso guztiak bildu eta astebete beranduago. Hain zuzen, apirilaren 8an izango da Biteri kultur etxean, eta ordua aurrerago zehaztuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!