«Egungo kalitatearekin, daukana baino prestigio haundiagoa behar luke sagardoak»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Zuenean egin da aurten, txotx irekiera ekitaldia. Nolatan? Ilusioa egiten du?
Sagardoaren Lurraldeak antolatzen du Sagardo Berriaren Eguna. Erreferentzia Astigarraga izaten da, eta ondorengo bazkaria, Sagardoaren Lu­rral­deko parte garenon artean egiten da. Aurten guri egokitu zaigu, eta erronka moduan hartu dugu, ardura gehiagorekin, baina gustora. Beti izaten dugu gogoa, eta polita da.

Sagardoa egitea ere, ez da erronka makala! 
Lanak desberdinak dira. Sagardoa egitekoa, oso garai polita da. Bodegan eta sagastian lan asko egiten da, eta badakizu urte guztirako lana izango dela. Gero, txotxean, kezka izaten da jendeak nola baloratuko duen aurretik egindako lana, eta gainera zure onena erakutsi nahi diozu.

Uzta ona izan omen da, eta askok bertako sagarra erabili dute. Nola moldatu zarete?
Sagar asko eta ona izan da, eta gus­tora gaude atera de­narekin; gorputz gehia­go­re­kin, kolorean ere na­ba­rituko da, ahoan ore­katua eta oso ona. Guk sa­gastiak aldatu genituen orain bost urte, eta horren aldeko apustua egin nahi dugu, baina kanpotik ekartzeko beharra ere badaukagu. Momentuz, nahastu egiten dugu. Hala ere, ur­te­ro­ko ekoizleak dauzkagu, sagar homo­lo­ga­tua­rekin. Ur­tetik urtera ekoizpen ber­dintsua eta kali­ta­tez­koa izaten ari da.

Tresna modernoak, kalitatearen kontrola... Sagardogintza eta sagardoa asko aldatu dira?
Asko. Gero eta gehiago ezagutzen da sagardoaren pro­zesua, zergatiak, eta lan egiteko modua ere al­da­tu da: makinaria, zaintzeko modua... Beste ga­rran­tzia bat ematen zaio. Laborategia ere ba­dau­ka­gu, datuak biltzeko analitikak egiten dira... Na­bar­mena da. Egungo kalitatearekin, daukana bai­no prestigio haundiagoa behar luke sagardoak.

Kanpora ere ateratzen ari da sagardoa, bezero berrien bila. Horrek sagardoa aldatuko du?
Beti da ona zabaltzea. Baina gure kasuan, ia anek­do­tikoa da. Gure merkatu potentea bertakoa da. Eta ez dakit kanpoko merkatuak eragina izango du­en; ohituko da hemengora. Hemen ere, be­lau­nal­diz belaunaldi gustoak aldatzen dira. Beti edu­ki­tzen dugu kontuan jendeak zer nahi duen, baina lana ere egin behar da, sagardo naturala zer den erakusten. Beste edariek izango ez dituzten ezaugarriak dauzka. Ez da sagar freskagarri bat.

Nola aldatu dira ba, bertakoen gustoak?
Aldaketa potentea izan da. Txikiak ginela, ia ez zen existitzen txotxa. Gogoratzen dut nola betiko koa­drilak beren haragi eta ogiarekin etortzen zi­ren, sagardoa edatera. Bodegatik ezin atera jen­dea! Eta gizonezkoak izaten ziren. Orain beste hel­buru batekin etortzen da jendea: lagun edo fa­mi­lia giroan, jatera, eta ez ba­ka­rrik edatera. Eta giro hori eskertzen dute: ba­tzuk besteekin egotea, sortzen diren harremanak, daukan xarma...

«Nahiz eta antzinako sektorea izan, emakumeak sagardogintzan hastea izan da, naturala»

Bezeroen artean bakarrik ez; zuenean ere, emakumeak zarete orain nagusi.
Orain bi urte aita erretiratu zen, eta pauso bat izan zen. Eta lehengo urtean hirugarren ahizpa sar­tu, eta gure esku geratu da. Baina belaunaldi al­daketa jarraia izan da. Aspalditik gabiltza he­men, eta pixkanaka ezagutu dugu dena. Bodega bezala, betiko filosofiarekin segi dugu. Guretzako naturala izan da, eta beste sagardotegietan ere to­ka­tu da. Nahiz eta antzinako sektorea izan, ema­kumeak sagardogintzan hastea izan da, naturala.

Orain, txotxaz gozatzea falta! Nola egiten da?
Ezer ezagutzen ez duenak magia askorekin ikusten du, eta ona dauka, berehala sartzen dela giroan, parte sentitzen dela. Gomendioa da dena neurrian hartzea eta jendea eta sagardoa ezagutzeko irekita etortzea. Ondo pasatzera eta gozatzera. Horrekin, errepikatzen dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!