44 urtez belarriak goxatu ondoren, azken oihua gaur, sagardoaren izenean

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Sagardo berriari bezala, euskal musikaren historiari ere egingo dio omenaldia, gaur, Hernaniko txotx irekierak. Oskorri musika taldea izango da, aurten, irekiera ekitaldiko gonbidatu berezia. Eta ez Kanuto, ez Furra furra eta ezta Gora ta gora beti, horiek ez ditugu beraien musika tresna eta ahotatik entzungo berriro. Baina azken oihu bat egingo du Oskorrik gaur, sagardoaren izenean: «hau da gure sagardo berria».
Agur esan baitio folk taldeak, 44 urteko ibilbide luzeari, 1971n Deustuko Unibertsitatean eman zuten kontzertuan hasitako bideari. Hori izan zen aurrenekoa, eta orain bi hilabete exkax despe­di­dakoa, Bilboko Arriaga antzokian.

3.000 kontzertu baino gehiago, eta ia 500 abesti
Herri musika oinarri hartuta, eta mota guztietako musika tresnen doinuak nahastuz, 44 urtek baino gehiago esaten dute datuek: plazaz plaza, herriz herri, 3.000 kontzertu baino gehiago eskaini ditu Oskorrik, eta ia 500 abesti grabatu.
Gabriel Arestiren omenez kaleratutako aurreneko diskoari segika, beste 24 disko berri ere grabatu zituen taldeak; eta zuzenekoak kontutan hartuta, urteak bezala, 44 izan dira argitaratu dituenak.

‘Natxo de Felipe... eta Oskorri sortu zen’
Hil berria zen Gabriel Arestiri eskaini zion aurreneko diskoa taldeak, berari esker hasi baitzen Natxo de Felipe herri musika ikertzen. Bosgarrenak, berriz, taldeko abeslariaren izena darama: Natxo de Felipe... eta Oskorri sortu zen. Sorreratik bertatik egon baita taldean bilbotarra, azken egunera arte.
Hasi eta bi urtera, bakarrik geratu zen Natxo de Felipe, eta kide berriekin osatu zuen taldea. Orduan sartu ziren, bukaerara arte egon diren beste bi kide: Anton Latxa bilbotarra, txikitako ezaguna; eta Bixente Martinez eibartarra.

Taldearen sorreratik bukaerara egon da Natxo de Felipe, eta bi urte beranduago sartu ziren Anton Latxa eta Bixente Martinez, azkeneko kontzertura arte egon direnak taldean.

Oztopoak oztopo, aurrera
Ez zuen hasiera zaila izan Oskorrik, eta oztopo ugari aurkitu zituen bidean. Besteak beste, Frankismo garaian jasandako zentsura, edota hainbat abertzalek espainolista izatea leporatzea. Baina oztopoak oztopo, aurrera egin zuen taldeak, eta erreferente bilakatu zen euskal musikan.
Urruti geratu dira dagoeneko, 25garren urteurrenean eman zuten kontzertu berezia, Getxoko Folk Jaialdian, eta horren harira argitaratu zuten diskoa, 25 kantu urte.
Eta 44garrenean, agur esatea erabaki zuen Oskorrik, zazpi kontzertuko bira eginez, Hauxe da despedidea deitu zutena. Azaroaren 22an izan zen azkeneko saioa,
Bilbon, taldearen jaioterrian.
Bi hilabete beranduago, taldearen ahotsa berriro plazara ekarriko dute Hernanin. Ez da kontzertua izango, baina momentu berezia bai. Haiek hartuko dute aurten, sagardo berriaren aurreneko tragoa. Haiek jarriko diote ahotsa eta musika, txotx denboraldi berriari. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!