II On Bosko Krosa antolatu dute beste urtebetez, Urnietako Salesiarren ikastetxean; antolatzaileek azaldu dutenez, joan den urteko arrakastaren ostean, esperientzia errepikatzea erabaki dute. Urtarrilaren 24an jokatuko da, igandea, goizeko 11:00etan.
Denentzat irekia
Krosa 7 kilometro ingurukoa da, eta antolatzaileek diotenez, ikasle, ikasle ohi, guraso eta lagunekin korrika egin nahi duen edonork hartu dezake parte: «lasterketan parte hartu eta momentu on bat pasatzera gonbidatzen zaituztegu guztioi».
Ibilbidea Salesiarren ikastetxean hasiko da, eta Urnietako kaleak zeharkatuta, 7 kilometro inguruko buelta egingo dute partehartzaileek.
Izenematea zabalik dago dagoeneko: www.sailkapenak.com web orrian eman behar da edo ikastetxeko idazkaritzan, 10 euroren truke. Krosa bukatuta, dutxarako aukera izango da, eta baita hamaiketako bero bat ere; eta noski, zozketak egingo dira.
Lau hernaniar podiumean, joan den urtean
Hernaniar askok parte hartzen duten krosa da On Bosko, eta horren adierazle da, joan den urteko podiuma. Emakumeetan, aurreneko hiruak hernaniarrak izan ziren; eta gizonezkoetan ere, hernaniar bat bigarren geratu zen.