Hernanin Zero Zabor taldea Zubietan deitu duten batzar irekian parte hartuko du gaur Gipuzkoako hondakinen errausketaren kontra eta Zero Zabor ereduaren alde mobilizatzen diren hainbat talde eta militanterekin batera. Bertan aurkeztu eta eztabaidatuko dute Zubietako Herri Batzarraren deiari erantzunez prestatu den Zubietan SOS. Buruaren eta bihotzaren aldarria manifestua. Gai ordenean dituzte: Zubietan Foru Aldundiak eraiki nahi duen errauskailuaren kontrako hurrengo mobilizazioak; eta bertan bildutako talde eta militanteen elkarlana sendotzeko aukerak eta gizarte eredu berri baten alde ari diren beste mugimenduekiko loturak. Goizeko 10:00etan hasiko da, Zubietako frontoi ondoko bilera gelan.