Aste gutxi geratzen dira inauterietarako, eta aurten ere, egitarauaren barruan, Mozorro Festa antolatu dute. Otsailaren 6an izango da, larunbatean, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara, Atsegindegin. Mozorro Festan, gazteak bakarka edo taldeka, musikaren inguruan abestu, dantzatu edo antzezteko aukera izango dute. Bertan izango dituzte soinu ekipoa, mikrofonoak, KD irakurgailua eta behar duten guztia.
Ekitaldiak aurkezleak izango ditu, eta taldeka edo banaka, parte hartuko duten herritarrei sarrera egingo diete; guztiak mozorrotuta joango dira eta kantuak gehienez 10 minutuko iraupena izan beharko du.
Lau entsaio, aurretik
Mozorro festa prestatzeko lau entsaio antolatu dituzte aurretik. Aurreneko entsaioa bihar izango da, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara, Biteriko areto nagusian. Talde bakoitzak bere musikarekin prestatu ahal izango du saioa, eta monitore baten laguntza ere izango dute. Beste hiru entsaioen fetxak ere zehaztu dituzte: urtarrilak 22, urtarrilak 29 eta otsailak 1; ordua eta lekua berdina izango dira.
Hala ere, gogoratu dute gazteek beraien kabuz prestatu dezaketela; hau da, ez dela derrigorrezkoa entsaiora joatea.