Gabonetako etenaldiaren ostean, Ttapa Ttapa ekimenak gaur jarri du urteko aurreneko hitzordua. Herritik barrena bueltaxka egiteko zita 10:30etan jarri dute, Atsegindegin.
Ttapa Ttapa ekimena bereziki helduei dago zuzendua. Helburu nagusia da, asteroko ibilbide edo bueltaxketan parte hartzea, eta bide batez osasuna zaintzea eta ondo pasatzea: «aukera izango dute ibilbidean zehar ariketa fisikoa egiteko eta adin bereko pertsonekin sozializatzeko».
Asteazkenero, aukera
Urtarriletik martxora, asteazkenero izango da Ttapa Ttapa ekimenean parte hartzeko aukera. Egun guztietan, ordu eta leku berean jarri dute zita: Atsegindegin, goizeko 10:30etan. Gainera, otsailaren 3an egun berezia antolatu dute, tailer eta guzti.
«Oso pozik gaude izaten ari den arrakastarekin»
Irailetik abendura martxan izan da ekimena, eta antolatzaileak oso pozik daude izan duen harrerarekin: «azkeneko hiru hilekoen emaitzak ikusita, oso pozik gaude egitasmoa izaten ari den arrakastarekin. Besteak beste, 80-90 partaide izan ditugu. Gainera, parte hartu dutenek adierazi digute oso gustura daudela eta jarraitzeko asmoa dutela».
Antolatzaileak gustura daude, pixkanaka helburuak betetzen ari direlako: «gure helburuak poliki-poliki betetzen ari dira. Hala ere, gustatuko litzaiguke herritar gehiagorengana iristea». Beraz, biharko eta datozen hitzorduetarako gonbidapena luzatu diete, herritarrei».