Kupelatik basora, sagardo berriaren aurreneko tragoa gaur

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 13a, 01:00

Zelaia sagardotegiko kupela­tik, Aritz Aranburu surfistaren basora egingo du bidea sagar­do berriak, gaur aurrenekoz, Astigarragako txotx denboral­diari hasiera emateko. 23ga­rre­nez ospatuko dute gaur, Sagardo Berriaren Eguna.
Eguerdiko 12:00etan izango da aurkezpen ekitaldia. Jesus Mari Santos alkateak emango du uzta, sagar eta sagardo berriaren ezaugarrien berri.

Sagarrondo bat landatu, Sagardoetxeako sagastian
Ondoren, sagarrondo bat lan­datuko du Aritz Aranburu surfista zarauztarrak, aurten­go gonbidatu bereziak, Sagar­doetxeako sagastian. Horre­kin, «naturaren dinamiko­ta­suna eta berritzeko ahal­mena» azaldu nahi dituzte, «urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertze­ko aukera eskaintzen baitigu».

«Gure sagardo berria», Zelaia sagardotegian
Eta ondoren iritsiko da egu­neko ekitaldi nagusia. Txotx  irekierako protokoloa hasiko dute eguerdiko 13:30etan, Her­naniko Zelaia sagardotegian. Txalapartaren hotsek lagun­du­ta, sagar dantzak eta sagar­dogileen soka dantzak gertu­ra­tuko dute Aranburu kupelera.
13:45ak aldera irekiko du aurreneko kupela Aranburuk berak, «Gure Sagardo Berria» oihu eginda. Berak hartuko du, aurtengo sagardoaren aurre­neko tragoa.
Eta segidan, denboraldiko aurreneko sagardotegi menua dastatuko dute, Zelaia sagar­dotegian bertan.

13:45ak aldera irekiko du aurreneko kupela Aritz Aranburu surfistak, Zelaia sagardotegian.

‘Pintxotx’ lehiaketa herriko tabernetan, gaurtik etzi arte
Arratsaldean jarriko dute martxan, pintxo lehiaketa berezia ere, txotx denboraldi hasiera aitzakia hartuta. Asti­garraga eta Hernaniko taber­netan egingo dute Pintxotx, eta gaur doan probatu ahal izango dira pintxoak; bihar eta etzi, berriz, euro batean egongo dira salgai. Gero, auke­ra izango da pintxoa puntua­tze­ko, taber­ne­tan egongo diren txartelen bitartez, 1etik 5era.
Etzi arte izango da lehia­keta, eta larunbatean emango dute saria, Hernaniko txotx irekiera ekitaldian. Eta beste bi sari ere zozketatuko dituzte ber­tan, bozkatu duten herritar guzti­en artean: otordu bana Asti­ga­rragako eta Hernaniko sagar­dotegi batean, bi per­tsonen­tzako.
Astigarragan, honako ta­ber­nek hartuko dute parte lehiaketan: Bukoi, Ekaitz, Es­tan­co, Ibai-Lur, Ikatza, Kai­zo­­ku, Kupela, Pastoriza, Robin, Sagartxo, Txiki eta Zipotza. Hernanin, berriz, honakoek: Atxur, Aralar, Deportivo, Garin, Goiz Argi, Irrintzi, Joxe Mari, Kixkal, Oindi, Rufino, Tripon­tzi, Txilibita, Txoko eta Zumitza.
Pintxoak dastatzeko auke­ra izango da gaur bertan, eta afarirako ere, sagardoaren bidetik joko dute askok. Izan ere, Rezola sa­gar­dotegian egingo dituzte afa­riak, herriko talde kulturalek.

‘Sagardoa bidegile’ dokumentala, bihar
Bihar ere izango da sagar­do­a­rekin zita, kasu honetan Kul­tur Etxean. Sagardoa bidegile dokumentala emango dute, arratsaldeko 18:00etan, eta solasaldia eta sagardo das­taketa izango dira ondoren. Sarrera doan izango da.

ASTIGARRAGAKO TXOTX IREKIERA

GAUR, asteazkena
11:30-12:00, Komunikabideei akreditazioak banatuko zaizkie Sagardoetxean.
12:00, Prentsaurrekoa egingo dute Sagardoetxean. Bertan, 2015eko uztaren ezaugarriak, sagardo berriari buruzko datuak eta sagardogileen munduko gertakari garran­tzitsuenak azalduko dituzte.
12:45, Aritz Aranburu gonbidatuak Sagardoetxeako sagastian sagarrondo bat landatuko du.
13:30, Txotx irekierako protokoloa ospatuko da Zelaia sagardotegian. Txapalapartarien deiaz, sagar dantzaz eta sagardogileen soka dantzaz, Aritz Aranburu kupelera gerturatuko da.
13:45, Zelaia sagardotegian lehen kupela irekiko da eta gonbidatuak lehen tragoa dastatuz, Gure sagardo berria oihukatuko du. Une horretan, ofizialki txotx denboraldi berriari emango zaio hasiera. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehen menua dastatuko da.
18:00-20:30, Pintxotx eskainiko da Astigarraga zein Hernaniko tabernetan. Doan emango dituzte pintxoak gaur.
20:30, Rezola Sagardotegian talde kulturalen afaria egingo da.

BIHAR, osteguna
18:00, Sagardoa bidegile dokumentala, Kultur Etxean. Bukaeran, solasaldia eta sagardo dastaketa izango dira. Sarrera, doan.

BIHAR ETA ETZI
19:00-20:30, Pintxotx lehiaketa, herriko tabernetan: Bukoi, Ekaitz, Estanco, Ibai-Lur, Ikatza, Kaizoku, Kupela, Pastoriza, Robin, Sagartxo, Txiki eta Zipotza. Euro batean egongo dira pintxoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!