Haurrak eta gurasoak normalean elkarrekin joaten dira liburutegira. Horretaz baliatu, eta ekimen berria antolatu dute Udal Liburutegian: Irakurketa kluba.
Helburu ugari
Ekimen berria Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan antolatu dute, eta hainbat helburu ditu: ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatzea; irakurketa sustatzea; kalitatezko euskal bibliografia ezagutzea; guraso, hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortzea; guraso eta hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatzea; eta haurrek giro lasai batean gozatzen ikastea.
Ekimenak, elkarrekin
Saioak 3-6 haurrentzako antolatu dituzte. Bertan, guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, besteak beste: irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai, liburuez gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculuma pixkanaka osatzeko.
Izen ematea, zabalik
Osteguneko saioa 17:30etan izango da, Udal Liburutegian. Plaza mugatuak daude, beraz, izena eman behar da. Bestalde, ekainera bitarteko datak ere, zehaztu dituzte: otsailak 11, martxoak 10, apirilak 7, maiatzak 5 eta ekainak 2.