Pronostiko guztiak hautsiz, Uterga txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 12a, 01:00

Katedraren ustez, Urriza zen Masters Txapelketa irabazteko faboritoa; larunbatean ordea, pronostiko guztiak hautsiz, Utergak jantzi zuen ondo merezitako txapela. 27-30 irabazi zuen Utergak, eta joan den urtean txapelketa berean lortutako txapelarekin, bigarrena du larunbatekoa.
Oraingo honetan, udako txapeldunari irabazi behar izan dio Utergak; aurretik azaldu zuen errebantxa gosez zela, eta atera du nonbait, arantza hori. Uter­gak oso kontzentratuta jokatu zuen partidu hasieratik. Emozio askoko partidua izan zen, oso berdindua. Joko haundia eraku­tsi zuten bi erremontistek; Urri­zak kolpe freskoarekin ze­goela erakutsi zuen behin eta berriz; eta Utergak trebetasun haundiarekin eman zion erantzuna. 
Bederatzina berdindu ostean, markagailuan bata eta bestea aurreratuz joan ziren: 14-12, 14-15, 17-15 eta 17-17. Eta justu mo­men­tu horretan iritsi zen, erabakiorra izan zitekeen tantua. Polemika haundia piztu zu­en, eta Urrizaren jarraitzaileek go­gotik kritikatu zuten. Urriza justu-justu iritsi zen Uter­garen dejada batera, eta pelota altxa zuen. Goitik beherakoan ezker horma ukitu zuten, eta epaileak txapa eman zuen. 18garren tantua izan zen Utergarentzat. Urrizak berdindu egin zuen 18-18, baina Do­neztebeko aurrelariak zuzenean eman zuen markagailua 18-22ra eta 19-25era. Urriza saiatu zen, eta markagailuan gerturatzea ere lortu zuen, 27-29ra. Azken bolada hori ez zen nahikoa izan ordea, eta txapela Doneztebekoak jantzi zuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!