MERKEALDI garaia hasi da, eta Hernanin ere nabaria da. Beherapenak iragartzen dituzten kartelak, eskaparate aldaketak... Neguko arropak merke-merke jartzeko garaia heldu da, baina, jendeak erosten al du? Zein dira gehien saltzen diren gauzak? Galdera horri erantzuteko Kronikak herriko bi dendetara jo du: Eukene arropa dendara eta Hoki Lentzeria dendara.
Eukene arropadenda, eguraldi aldaketaren zain
Eukene arropa dendak ostegunean hasi zituen beherapenak eta %20, %30 eta %50eko deskontuarekin dauka arropa guztia. «Egia esan denboraldia ez da oso ona izan, horregatik, eguraldia aldatzeko desiatzen nago», dio dendaren jabeak. Orokorrean, eguraldi onarekin beroki eta neguko arropa gutxiago saltzen dela esaten da, eta Eukene arropadendan hori nabaritu dela diote.
Hala ere, ostegunetik mugimendua nabaritu dela diote, gainera eguraldiak hotzera egin du: «Normalean jendeak aprobetxatzen du garestiagoak diren gauzak erosteko, berokiak eta neguko arropak».
Horrez gain, Eukene arropa dendako jabeak herriko denden garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta jendea animatu nahi du bertan erostera: «Herriko dendok kanpainan zehar daukaguna ateratzen dugu beherapenetan, gure helburua dendan bertan daukaguna saltzea baita; horregatik, ez dugu saltoki haundi askotan egiten dutena egiten».
Hoki Lentzeria, tamaina berezietan espezialista
Hoki Lentzeriak, aldiz, gaur bertan hasiko ditu merkealdiak eta, hasteko, %30eko deskontuarekin salduko du dendan daukan guztia: «Hokin denboraldia ondo joan da, baina merkealdiak aprobetxatzen ditugu denda pixka bat husteko: talla solteak, neguko batak...».
Eukene arropa dendan ez bezala, Hoki Lentzerian eguraldiak ez du inolako eraginik izan salmentetan. «Berdin saldu dugu, aldatu dena izan da neguko batak beharrean, bainujantziak saldu ditugula; azkena, duela bi egun. Hori lehen pentsaezina zen».
Herriko dendek besteek ez duten zerbait duela uste du Hokiko jabeak: «Horrelako dendetan espezializatu zaitezke; guk, adibidez, neurri haundiko sujetadoreak ditugu, kopa berezikoak, saltoki haundietan aurkitzen ez direnak».
Hala ere, jabeak dionez salmentak ez dira lehen izaten ziren bezalakoak: «Egoera ez da jendeak dioena bezain positiboa». Eta argi uzten du berak nabaritu duela «jendeak desberdin erosten duela, ohitura aldaketa gertatu dela»