'Hirurehun' lehiaketan bigarren saria irabazi berri duzu. Urtea bukatu bezala hasi duzu, irabazle.
Bai, oso pozik. Egia esan, lehiaketa berez iazkoa da baina oraintxe egin da publiko emaitza. Gainera, literaturaz gain marrazkigintza uztartu izana ere ederra da. Ez da urtea hasteko modurik txarrena!
2015a urte berezia izan da zuretzat, 10 sari irabazi eta gero. Gaia dena delakoa izanda ere, Legorburu garaile izaten da askotan. Zer dago garaipen horien atzean?
Idazteko gogo dexente dago atzean, etxeko ardurek uzten duten heinean behintzat. Baina batez ere, mundua interpretatzeko nahi bat dago barruan, literaturaren bidez asetzen saiatzen naizena. Mundua, nire begiekin begiratzen saiatzen naiz, egunerokoan dena azkar-azkar dijoalako eta gure aurrean dagoen hori ikusteko gai ez garelako sarri. Nire buruarekin egoteko ere une bat bada, idaztea.
Bertsolaritza barru-barruan sentitzen duzula eta, horrek laguntzen al du istorio berriak sortzerakoan?
Niretzako, bertsolaritzan gaur egun istorio txiki pila bat sortzen dira: Generoa dela, nortasuna dela, barne-zalantzak direla… Azken Gipuzkoako txapelketan, bakarkako gaietan batipat; istorio txiki horiei lupa eta fokoa nola jarri zaien eredugarria iruditzen zait.
Lehiaketa berri batera aurkeztea erabakitzen duzunean, istorio berri bat sortzerakoan, zer izaten da zailena? Eta zertan moldatzen zara hobekien?
Nik bilatzen dudana komunikatzea da, edozein dela formatua ere. Eta hortik aurrera, imajinazioa, formatura egokitzea, originaltasuna…testua edertu eta onduko dituen faktoreak bilatzen ditut.
Nola animatu zinen halako lehiaketetan aurkeztera?
Lehiaketa bakoitza erronka txiki bat da, eta behin lehiaketa batean parte hartu baduzu eta saritua izan eta antolatzaileak ezagutzera iritsi bazara, niretzat berriro parte hartzea hurrengo urterako betebehar moral bat izaten da.
Bestela ere, idaztea gustatzen zaizu. Egunerokoan horri denbora dedikatzen al diozu?
Nahiko kaotikoa naiz sortzeko. Barne-bulkada batek edo bihozkada bat dudanean soilik jartzen naiz idazten… eta beno, lehiaketa bateko entregatzeko data gainean dudanean ere bai, kar,kar!
Zein da jaso duzun saririk bereziena?
Denak direla bereziak esatea topiko bat den arren, egia ere bada. Agian, 2015 honetako Filosofia fakultatearen Oihenart aforismo lehiaketa irabazi izanak poztu nau azken aldian gehienbat, unibertsitate munduan saritua izateak bere garrantzia baduelako. Eta bazirelako hiru urte edo, bere atzetik nenbilela!
Nola ikusten du Iñigo Legorburuk etorkizuna?
Ahal dudan neurrian, idazten jarraitzeko gogoz nago. Eta aldi berean, kontziente naiz emaitza bikain hauek noizbait bukatuko direla; baina bitartean, gerra ematen jarraitzeko asmoa daukat.