Bazkideen urteroko batzarra eta bazkaria egingo ditu Galtzaur jubilatuen elkarteak hilaren 20an. Bazkide guztiei dei egin diete azaltzeko, goizeko 11:30etan udaletxeko Pleno aretoan.
5 puntuko batzarra
Batzarrean bost puntu landuko dira. Hasteko, zuzendaritzaren agurra egingo da, eta segidan, 2014ko akta irakurri eta onartzeko bozkaketa egingo da. Ondoren, 2015eko ekintzen memoria irakurriko da, eta bazkideen alta eta bajak kontatuko dira. Jarraian, gastu eta dirulaguntzak aztertuko dira, eta bukatzeko, galdera eta eskakizunetarako tartea irekiko da.
Bazkaria, Oianumen
Batzarra zapore onarekin bukatzeko, Astigarragatik Urnieako Oianume jatetxera joango dira 13:30etan bildutako guztiak, bazkari eder batekin gozatzeko.