Txotx denboraldiko pintxo onenak aukeran, asteazkenetik

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 9a, 01:00

Txotx denboraldi hasiera girotzeko, aurten, aurreneko aldiz, Pintxotx pintxo lehiaketa egingo da Astigarragako eta Hernaniko tabernen artean.
Astigarragako txotx irekiera egunarekin, asteazkenarekin hasiko da lehiaketa, eta Hernanikoarekin, larunbatarekin, bukatu. Herritarrek, 25 tarbenatako pintxoak dastatu eta onenaren aldeko puntuak banatzeko aukera izango dute, eta baita sari eder bat irabaztekoa ere.

Pintxoak probatu eta botoak emateko aukera izango dute herritarrek, asteazken, ostegun eta ostiral arratsaldean.

Dastaketa, arratsaldeetan
Astigarraga eta Hernaniko 26 tabernek eman dute izena lehiaketan: Astigarragako   Bukoi, Ekaitz, Estanco, Ibai-Lur, Ikatza, Kaizoku, Ku­pe­la, Pastoriza, Robin, Sa­gar­txo, Txiki eta Zipotzak; eta Her­naniko Atxur, Aralar, De­por­tivo, Garin, Goiz Argi, Irrin­tzi, Joxe Mari, Kixkal, Oindi, Rufino, Tripontzi, Txilibita eta Txokok.
Herritarrek hiru egun izango dituzte, euro baten trukean, pintxoak dastatzeko; asteazkenetik ostiralera, 19:00etatik 20:30etara. Ira­baz­lea zein den larunbatean jakingo da, Hernaniko txotx irekiera ekitaldian.

Puntu banaketa orekatua
Behin pintxoak dastatuta, 1etik 5era arteko puntuazioa eman ahal  izango diote herritarrek, tabernan bertan aurkituko dituzten txarteletan. Kontuan hartu beharko dituzte pintxoaren kalitatea, aurkezpena, elaborazioa eta originaltasuna.
Nola ez, tabernariek pin­txoak egiteko erabili beharko duten gaia izango da, sagardotegiko menua.
Txartel guztiak ostiralean jasoko dira, eta irabazlea zein den jakiteko, bataz besteko puntuazioa kalkulatuko da. Horrela, «pintxo gutxi saltzen duten tabernek asko saltzen dutenen aukera berak izango dituzte», azaldu dute antola­tzaileek.

Saria irabazlearentzat, eta botoa eman dutenentzat
Pintxo lehiaketan parte har­tze­ko aukera izango da ostiral ilun­tzeko 20:30ak arte. On­doren, txartel guztiak jasoko dira, eta irabazleen izenak larunbatean, Hernaniko txotx irekiera ekitaldian emango dira jakitera.
Pintxoen artean bakarra izango da irabazlea, eta txapela jantziko du sukaldariak.
Botoak ematen dituzten herritarren artean, berriz, bi sari izango dira; bi lagunen­tzako otordua Astigarragako eta Hernaniko sagardotegi banatan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!