Ate joka dugu txotx denboraldia, eta motorrak berotzen hasteko ekimen berria jarriko dute martxan Hernani eta Astigarragako tabernek, asteazkenean. Hain zuzen, Astigarragako txotx irekiera ekitaldia egiten den egunean hasiko da, eta Hernaniko irekieran banatuko dira sariak.
Hernaniko Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak, eta Hernani eta Astigarragako Udalek elkarlanean antolatutako lehiaketa da Pintxotx. Eta Berriakeko ordezkari Mertxe Jimenezen esanetan, «Hernani eta Astigarraga herriak eta bi txotx irekierak lotzeko aurrerapauso bat da».
Pintxo bakoitzak, euro bat
Lehiaketan parte hartzen duten tabernek sagardotegiko menua gaiari lotutako pintxo berezi bat egin beharko dute, eta bezeroek euro baten truke izango dute pintxo hori dastatzeko aukera. Asteazkenetik ostiralera izango da hori, arratsaldeko 19:00etatik 20:30etara. Asteazkenean pintxoak debalde izango dira Astigarragako tabernetan.
Hogeita sei taberna, guztira
Lehiaketan Hernani edo Astigarragako edozein tabernak aurkeztu zezakeen bere burua, eta aurreko astetan aukera izan dute horretarako. Izenemateak itxita daude jada, eta guztira hogeita sei tabernek hartuko dute parte, Hernaniko hamahiruk, eta Astigarragako beste hamahiruk.
Hernanin, ondorengo tabernetan izango da Pintxotx lehiaketako pintxoa dastatzeko aukera: Atxur, Aralar, Deportivo, Garin, Goiz Argi, Irritzi, Joxe Mari, Kixkal, Oindi, Rufino, Tripontzi, Txilibita eta Txoko. Astigarragakoak, aldiz, hauek dira: Astiarra, Bukoi, Ekaitz, Estanco, Ibai-Lur, Ikatza, Kaizoku, Kupela, Pastoriza, Robin, Sagartxo, Txiki eta Zipotza.
Herritarrak, epaimahaikide
Behin pintxoa dastatuta, bozkatzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako txartelak jarriko dituzte taberna parte-hartzaileetan, baita bozkak sartzeko kaxa ere. Txarteletan 1etik 5erako puntuazioa eman beharko zaio pintxoari, eta ondoren, kaxan bota beharko da. Irabazlea jakiteko, batezbesteko puntuazioa kalkulatuko da, txartela kopuruak eraginik ez izateko eta orekatzeko.
Sariak herritarrentzat eta tabernarentzat
Hernaniko txotx irekieran jakinaraziko da ze pintxok jaso dituen boto gehien, eta taberna saridunari txapela emango zaio.
Bestalde, bozkaketan parte hartu duten herritarren artean zozketa egingo da. Horien artean, Astigarragako Alorrenean eta Hernaniko Akarregin bi pertsonentzako pare bat otordu banatuko dira.