Gaizki bukatu zuen 2015 urtea Hernanik, Ohorezko Erregional mailan, baina ezin hobeto hasi du 2016a. Partidu haundia jokatu, eta nagusitasunez irabazi zion Zarautzi Zubipen, atzo, urteko aurreneko partiduan (3-1).
Bereziki nabarmentzekoa izan zen Jonan Olazabalen partidua, hat-tricka lortu baitzuen aurrelari txuri-berdeak; berak egin zituen taldearen hiru golak, alegia. Aurrenekoa, partidua hasi eta berehala, bigarren minutuan. Eta hortik aurrera, markagailuan bezala, jokoan ere nagusi izan zen Hernani, nahiz eta beste golik ez egin, atsedenaldira joan aurretik.
Atsedenetik bueltan, bigarren gola
Bere nagusitasuna mantendu zuten txuri-berdeek, atsedenetik bueltan ere, eta aurreneko minutuan egin zuen bigarren gola Jonanek.
Atzean serio eta aurrean jokaldi politak eginez, aukerarik ere ez zieten eman zarauztarrei, eta bigarren zatiaren erdi partean sententziatu zuten partidua, hirugarren golarekin.
Aldea haunditzeko aukerak izan zituzten, baita penalti bat ere bukaeran, baina ez zuten asmatu. Eta partiduko azken jokaldian egin zuen bere gol bakarra, Zarautzek.
Emakumezkoek ere, irabazi
Emakumezkoen Euskal Ligan ere, irabazi egin zuten hernaniarrek (0-2), Peña Athleticen kontra, Santurtzin.