Aurkari abilegia Uterga atzo, Endika Barrenetxearentzat

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 3a, 01:00

Aurkariak dena ondo egiten duenean, aukera gutxi dago irabazteko. Eta horixe gertatu zitzaion atzo, Endika Barrene­txea hernaniarrari. Ia ez zuen hutsik egin Xanti Utergak, eta hasieratik bukaerara nagusitu zen doneztebarra, Buruz Buruko Masterraren bigarren semifinalean (30-12).
Jokoaren alderdi guztietan izan zen gehiago Uterga: hobeto sakatu zuen, berak asma­tu zuen gehien peloteoan, eta errestoan ere finago aritu zen. Datuak ikusi besterik ez dago: 19 tanto egin zituen, horietatik zortzi sakez, eta bi akats besterik ez.
2-2 berdinduta ere, berehala egin zuen alde doneztebarrak markagailuan, eta 11-4 jarri zen aurretik. Sakearekin asmatu ezinda, nahi eta ezineko partidua izan zen hernaniarrarentzat, bukaerara arte.

Uterga eta Urriza, berriro ere aurrez aurre finalean
Garaipen horrekin, Uterga izango da finalean, datorren larunbatean, eta Urrizaren kon­tra neurtuko ditu indarrak: hain justu, 2015eko Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren finalean bezalaxe. Iruñakoa nagusitu zen orduan.
Aben­duan, ordea, Utergak irabazi zuen bien arteko bigarren finala, frontoi motzeko txapelketan, Labriten. Desen­pa­tea jokatuko dute hirugarrenean, Masterreko txapela janz­teko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!