Chertat eta Lehoia liburua argitaratu du aurten Dobera Euskara Elkarteak, Ipuin Faktoria bildumaren barruan. Liburu horretako ilustrazioak Abdi Ami Omar sahararrak eginak dira, eta ostegunean, pieza original horiek enkantean atera zituzten Doberak eta Koxka Elkarteak. Enkantea Plaza Berrin egin zuten, festa giroan, eta asko izan ziren gerturatu eta pujatu zutenak.
115 euro, pujarik altuena
Dobera Euskara Elkarteak eta Koxka elkarteak antolatutako ekitaldia festa giroan joan zen. Ateri eutsi zion, eta gerturatu zirenek gustura asko entzun zituzten Unai Agirreren bertsoak; trikitilari eta panderoaren doinuak; musikari sahararrak, bertako eta Saharako irrintziak...
Puja ilustrazioka egin zen, eta enkantean jarri ziren 15 piezak erosi zituzten atzokoan; pujei dagokienean, 115 eurokoa izan zen altuena. Puja bakoitza egiten zen momentuan gainera, irudi horren inguruan ipuinak kontatzen dituen pasarteak azaldu ziren; eta noski, zeinu interpretea ere bertan izan zen.
Saharara bidalitako 450 liburuak finantziatzeko
Atzo enkantean jarritako 15 ilustrazioekin finantziatuko da, uda Euskal Herrian pasa zuten ume sahararrei emandako liburuen kostua; guztira 450 liburu banatu ziren.
Eskaintza berezia, erregeak bitartean
Errege egunera bitartean, Doberak mantendu egingo du atzo egin zuen eskaintza berezia: Zozomikoteak, Chertat eta Lehoia eta Burbunak eta Etsayak, hiruak 20 euroren truke. Dobera Euskara Elkartean (Larramendi, 11) daude eskuragarri.