Ia bi urte dira Burbunak eta Etsayak egitasmoak Facebookeko orria ireki zutela; orain ordea, azaldu berri dute, urte berriarekin batera itxi egingo dutela orri hori: «bi urte daramazkigu Urumeako ahozko eta natura ondareari loturiko berriak sortzen eta sartzen. Saiatu gara astero ez bada, bi astetik behin gure ondarea zabaltzeko artikuluak orrialdean sartzen; eta bertako argazkiekin eta gertuko berriekin ondarea zabaltzen. 2014an desafio txiki bezala hasi genuen, eta 2015ean 199 jarraitzaile ditu orriak».
Azaldu dutenez, Facebook orrialde honek ez du diruz lagunduko duen inor, eta idatzitako guztia borondaterik onenarekin, eta egile-idazleen denbora librean idatzitako lana izan da: «artikuluetan ordea, geroz eta gehiago izan zarete irakurleak, eta horrek, poza emateaz gain, ardura ere ematen digu. Hau dela eta, Burbunak eta Etsayak orrialdea ixteko ordua iritsi zaigula iruditu zaigu. Uste dugu Hernani bezalako herri batek eta Urumea bezalako bailara batek merezi duela bere ondarea zabaldu eta ezagutaraziko dituen web orri, facebook edo blog aktibo eta erakargarri bat. Eta hori bultzatzera animatzen ditugu administrazioak».
Esker hitzak ere izan dituzte: «mila esker gure artikuluak irakurri dituzuenoi. Zuek izan zarete astero artikulu berri bat idaztera bultzatu gaituen indarra».
«Liburu erakargarri bat egin nahi dugu»
Bitarte horretan, Burbunak eta Etsayak proiektuak ez duela atsedenik izango azaldu dute: «berriro ere gure abarka zaharrak janzteko asmoa dugu. Lorturiko informazio guztiarekin gure natura eta ahozko ondareari buruzko liburu erakargarri bat egin nahi dugu, eta hori izango da gure hurrengo proiektua». Horretarako, entitateen parteharzea beharko dutela azaldu dute: «Ereñotzuko Auzo Udalak liburuaren aldeko apostua egin du eta idazteko lanekin hasiko gara aurki. Diru hau ordea ez da nahikoa izango liburua publikatzeko, eta entitate gehiagoren parte hartzea behar dugu. Liburu erakargarri eta dibulgatiboa izatea nahi dugu, Hernanitik kanpo ere, erreferentzi moduan erabili ahal izango dena».
Balorazio positiboa
Proiektu hasieran zituzten helburuak ikusita, balorazio positiboa egin dute: «oso pozik gaude egindako lanarekin, bai eta jendearen erantzunarekin ere. Mila esker guztioi».