Kezkatuta daude Kaxkoko bizilagunak, azken urteotan urte berria agurtzeko «modan jarri den suziri jaurtiketa arriskutsua» dela medio.
Eta horrela jakinarazi diote Udaleko ordezkariei; kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzeko ere, eskatu diete: «hirigunean suziriak botatzeko asmoa duten herritarrei ere, bi aldiz pentsatzeko eskatu nahi diegu. Eskari honekin bermatu nahi dugu bizilagunen eta eraikinen segurtasuna; eta bide batez, indarrean dagoen legea bete».
Suziririk ez, Udalaren gomendioz
Era berean, Udalak gomendatu du «Urte Zaharrean piroteknia eta suzko artefaktu hegalariak ez erabiltzea». Izan ere, Udaletik diotenez, «azken asteetan ez du euririk egin eta horrek lehortea eragin du. Gainera, Euskalmeten iragarpenaren arabera, datozen egunetan egoera ez da aldatuko. Horrek suteak sortzeko arriskua nabarmen areagotuko du».