Gabonak aurrera doaz eta, haurrak eskolara bueltatu baino lehen, badute zer egin Hernanin bertan.
Horien artean, gaur estreinatuko da Biterin, Aladdin haurrentzako antzerkia. Ikuskizuna 18:00etan hasiko da, eta sarrerak abenduaren 21etik daude salgai, 2,70 euroan. Ordu berean, Karaoke Festa egingo dute Portu auzo elkartearen lokalean.
Iturritxo auzo elkartean, atzo hasitako haur txokoak egingo dituzte goizeko 10:30etatik 13:00etara, gaurkoan ere elkarteko lokalean.
Ludotekako azken eguna eta Gazte Txokoko gabon parkea kiroldegian
Kiroldegia elkargune bilakatu da gabon hauetan. Bertan jarri dute gaur bukatuko den Gabonetako ludoteka azken egunotan, eta han jarriko dute Gazte Txokokoek haien Gabonetako parkea, arratsaldeko 17:00etatik 20:00ak arte. 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat bereziki zuzenduta dago ekintza hau.
Eta kiroldegiko lehenengo pistan arituko dira Eskubaloi taldeko benjamin, alebin eta infantilak, urteko azken teknifikazio saioan, arratsaldeko 16:00etan hasita.