Sagardoetxea Sagardoaren Museoa elkartu berri da Euskal Kostaldeko Museoen Sarera. Sare honen helburua da, museoak, interpretazio zentroak eta bestelako instalazioak elkartzea eta lankidetzarako gune bat sortzea: «ikuspegi ezberdinak izanagatik, ardatz nagusi bat daukate komunean: kostaldea eta itsasbazter osoan barrena eskaintza turistiko zabala egituratzen ditu».
Ekimen honen helburu nagusiak lau dira: irudi bateratu bat finkatu eta hedatzea, Euskal Kostaldea helmuga turistikoaren esparruan jartzea; sareko agente guztien harremanak sendotzea; Euskal Kostaldeko helmuga turistikoa indartzea, lehendik dauden plataformen sinergia guztiak aprobetxatuz, eta kalitate eta erabilera anitzeko eskaintza eskainiz; eta Euskal kostaldearen ondarea sustatzea eta horri balioa ematea, museo proiektu komunak garatuz, proiektuak partekatuz eta turismo sustapenerako eta komunikaziorako ekintzak abian jarriz.