Diputazioak 40.000 euroko laguntza, ‘Loreak’ filmari

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 30a, 01:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak esker ona eta aitortza instituzionala egin dio Loreak filmari. Jon Garaño astigartarrak eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma izan zen Oskar sarietarako hautatuetako bat, ingelesez ez ziren filmeen atalean; hala ere, pelikula azken bederatzi aurre-aukeraketatik  kanpo geratu zen, joan den astean. Atzo prentsaurrekoa eman zuten Denis Itxaso eta Imanol Lasa diputatuek, Iñigo Obe­sorekin batera, Loreak filmaren ekoizpenaren arduradunarekin alegia. Bertan azaldu zuten moduan, arrakasta haundikoa izan dela proiektuaren ibilbidea, «aurrekaririk ga­bekoa izan da. Gure kultura in­dustrialarentzat eta zinema­ren­tzat suspergarri izan da. Eta beraz, babesa eta sosteguna adierazten jarraitu behar dugu».

40.000 euroko laguntza
Prentsaurrean azaldu zutenez, joan den asteko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen, departamentu ezberdinen bi­tartez, pelikularen ekoizleei 40.000 euroko diru laguntza ematea: «laguntzaren helburua da Oskar sarietako kanpainan, Loreak filmak Estatu Batuetan izan dituen promozio, komunikazio eta publizitate gastuen finantzaketan laguntzea».
Itxaso eta Lasaren esanetan, Gipuzkoarentzako aurrekaririk gabeko arrakasta izan da: «munduko sari-emate eki­taldirik ospetsuenaren partaide izateak aukera eman du Gipuzkoa eta bere marka na­zioartean indartzeko. Loreak Gipuzkoako enpresek ekoiztu dute. Filmeko gidoilariak eta zuzendariak gipuzkoarrak dira. Pelikula osoa euskera hutsean eginda dago eta grabazioa, muntaia eta ekoizpen ondokoa Gipuzkoan egin dira. Gipuzkoa markaren eredu garbia da Loreak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!