«Liburu aparta. 960 orrialde koloretsu, eskuz idatzitako testigantza intimoz beteak», dio Ametsen Liburuaren sarrerak. Baina hitzez betetako orrialdeak baino gehiago da, eta hori azaltzeko asmoz, aurkezpen-ekitaldia antolatu du Natza Kultur Elkarteak gaurko. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da Biteri Kultur Etxean, eta liburua momentuan bertan eskuratu ahal izango da.
Preso eta erbesteratuen testigantzak jasotzen dituen liburua
Astero argitaletxearen Ame-tsen Liburua, testigantza-bilduma bat da, non 400dik gora preso eta erbesteraturen idatziak eta 40tik gora euskal artisten obrak biltzen diren. Parte-hartzaileen askatasun ametsak, idealak, testigantza pertsonalak... orrialde batean irudikatzeko eskatu zitzaien eta horiek guztiak batzearen emaitza da 960 orrialdeko liburu «bakun eta ezohiko» hau, argitaletxeak deskribatzen duenaren arabera.
Besteak beste, liburuan jasotzen dira José Luis Zumetaren, Dora Salazarren, Judas Arrietaren, José Antonio Sistiagaren, Juan Gorritiren... ametsak.