Txotx denboraldiaren hasi-eran parte hartzeko aukera izango dute aurten Astiga-rraga eta Hernaniko tabernek, eta baita herritarrek ere. Izan ere, urteroko zita aprobetxatuz, Pintxotx lehiaketa jarri dute abian Udalek.
Lehiaketa urtarrilaren 13an hasiko da Astigarragako txotx irekiera ekitaldiarekin batera; eta pintxoak herritarren eskura hiru egunez tabernetako barran eduki ostean, 16ean esango da nork irabazi duen, Hernaniko inaugurazio-ekitaldi ofizialean. Saridun bakarra izango da, eta txapela jasoko du oroigarri moduan.
Pintxoak, euro batean
Taberna parte-hartzaileek urtarrilaren 13, 14 eta 15ean emango dituzte lehiaketarako prestatuko pintxoak, 19:00etatik 20:30etara, euro baten truke. Mokadutxoek bete beharreko baldintza bakarra, sagardotegietako menua gaiarekin lotura edukitzea izango da.
Puntuazioa, herritarren esku
Lehiaketak iraun bitartean, pintxoak puntuatzeko aukera izango da taberna parte-hartzaileetan. Bertan, kaxa bat jarriko da, non tabernetan egongo diren balorazio-txartelak sartu ahalko diren. Pintxoak 1etik 5era puntuatu beharko dira, eta txartelean bozkatzailearen izena eta telefonoa jarri beharko dira.
Bozkatu duten herritarren artean, Hernaniko denboraldiaren irekieran bi lagunentzako bi otordu zozketatuko dira.