Aurten ere, urtea kirola eginez bukatzeko aukera izango da. Izan ere, ostegunean San Silbestre lasterketa egingo da, Wukroren alde, CD Hernaniko Atletismo Sailak eta Hernani Wukrorekin GKEk antolatuta.
Arratsaldeko 17:30etan, 8 urte artekoek egin ahal izango dute korri; 17:45etan, 8-13 urte artekoek; eta 18:00etan, 14 urtetik gorakoek, 4km.
Izenematea zabalik
CD Hernaniko Atletismo Sailak jakinarazi du «izenemateak gora» egiten ari direla egunez egun, baina oraindik badela aukera, asteazken arratsaldera arte, 7 eurotan, Pelotadendan, Ibaimendin eta www.kirolprobak.com webgunean.
Asteazkenean, karpa berezia
Horrez gain, asteazken arratsaldean Plaza Berrin karpa berezi bat jarriko dute: «azken momentuko izenemateak egiteko, dortsalak jasotzeko eta lasterketa nagusia egiten dutenek kamisetak jasotzeko. Lastekerta egunean ere (ostegunean), izena emateko aukera egongo da, 10 eurotan».
«Azken hamarkadetako krisi humanitario gogorrenetakoa, Etiopian»
Aurtengo edizioak ere, hiru helburu dituela azaldu du Atletismo Sailak: «Wukrora laguntza bidaltzeko errekurtso bilaketa, adin guztietako jendea Wukroko errealitatera gerturatzea, eta Gabonen barruan, herri osoarentzat festa bat antolatzea».
Baina «aurtengo edizioak izaera berezia» duela azapimarratu nahi izan dute. Izan ere, «azken hamarkadetako krisi humanitario gogorrenetakoa pairatzen ari dira Etiopian, lehortea dela eta. Elikagai eskasiak eta hauen salneurrien igoerak eraginda, ikaragarrizko elikadura krisia sortu da Afrikako zona honetan». Horrela, aurten ere, lasterketan lortutako dirua Angel Olaranek Wukron egiten dituen proeiktuetarako erabiliko da.