Beste pixka bat haunditu da, datorren urterako ere, Hernaniko Udaleko Aurrekontua. Asteartean onartu zuten, plenoan, eta 32.168.438 eurokoa izango da, Ereñotzuko Auzo Udalaren eta Ongintza Patronatuaren aurrekontuak barne hartuta. «Inoizko adostasun zabalenarekin» onartu ziren, Luis Intxauspe alkateak azaldu duenez. Alde bozkatu zuen Gobernu Taldeak, abstenitu egin ziren Orain Hernani eta PSE-EE, eta kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk.
%2,6ko gorakada izango du Udal Aurrekontuak, 2015ekoaren aldean. Igoera hori, diru sarrerak haunditzetik dator: «badira urte batzuk, pixkanaka haunditzen doala aurrekontua. Aurten, aurreikusten dugu Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza igoko dela, eta hortik dator gorakada», azaldu du Isabel Sanchez Ogasun zinegotziak.
«Inbertsio gehiago egiteko eta arlo batzuk indartzeko aprobetxatuko dugu»
Sarreren igoera hori, inbertsio gehiago egiteko eta beste atal batzuetan diru partidak igotzeko aprobetxatuko du Udalak, gastu arruntak mantendu egingo baitira 2016 urtean.
Bi atal izango dira, bereziki, Udalak bultzatu nahi dituenak: «indartu nahi ditugu, ongintza eta gizarte zerbitzuak, batetik; eta enplegua eta tokiko garapena, bestetik. Enplegu zerbitzuak areagotu, adinekoei eta menpekotasun egoeretan daudenei ematen zaizkien laguntzak indartu, alokairu sozialeko etxebizitzak...».
Igerilekua haunditu eta kiroldegia berotzeko biomasa sistema jarriko dute 2016an, eta horretarako, 1.700.000 euroko partida jaso da Udal Aurrekontuan.
Bestalde, alkateak nabarmendu du, «apustu garrantzitsua» egin dutela energiaren arloan ere: «energia aurrezteko eta energia berriztagarrien alde egiteko, ekintza plan bat jarriko dugu martxan».
Igerilekua haunditzea, inbertsio nagusia
Haunditu egingo da pixka bat, inbertsioen partida ere. Aurten, 3.206.441 euro gorde ditu Udalak horretarako, eta kiroldegiko igerilekua haunditzea izango da 2016ko inbertsio nagusia: «2015ean aldagelak berritu dira, eta irisgarritasun guztia egokitu. Orain, igerilekua bera haundituko dugu. Herritarrek gehien erabiltzen duten instalazioa da, jaiotzetik bizitza osoan zehar, eta ez soilik ondo pasatzeko; ongizatea lantzeko toki bat ere bada igerilekua. Beraz, oso garrantzitsua da», azaldu du Intxauspek.
Bi atal indartu nahi ditu Udalak 2016an: ongintza eta gizarte zerbitzuak, batetik; eta enplegua eta tokiko garapena, bestetik. Bietarako partidak haunditu dituzte.
Eta horrekin batera, energia aurrezteko lanak ere egingo dituzte kiroldegian: «biomasa sistema jarriko dugu, kiroldegia berotzeko. %30 murriztuko dugu energiaren erabilera, horrela». Bi lanetarako, 1.700.000 euroko partida jaso dute Aurrekontuan.
Uraren eta argindarraren instalazioak hobetu, kaleak eta landa bideak asfaltatu...
Beste hainbat inbertsio ere aurreikusi ditu Udalak. Esate baterako, uraren eta argindarraren instalazioak hobetuko dira (248.000 euro), «kontsumoa murrizteko helburuarekin, jasangarritasunaren bidean»; kaleak eta landa bideak asfaltatuko dituzte (145.000 euro); eta ikastetxeetan konponketak eta obrak egingo dira (115.000 euro).
Aurrekontuan jasotakoez gain, bestalde, 2016an exekutatuko dira, baita ere, 2015eko aurrekontuan jasota zeuden zenbait inbertsio: Etxeberri auzoa urbanizatzeko lanen bigarren fasea, Gay Mur eraikineko patioa estaltzea (udan egingo da), Langile ikastolako jangela berria egitea, eta atletismo pistaren ondoko parkea estaltzea.
Berdintasun arloan eta kulturan, hausnarketa zabala
Bi hausnarketa zabal egitea ere aurreikusi du Udalak, datorren urterako. Aurrenekoa, berdintasun arloan: «betiko programaz gain, Emakumearen etxea martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen, eta horretarako, parte hartze prozesu zabala abiatuko dugu; etxe horrek zer nolakoa izan behar duen».
Beste hausnarketa prozesua, kulturaren arloan bultzatuko du Udalak: «zer daukagun, nola hobetu dezakegun, nola aprobetxatu dagoen eskaintza...».
Sortu berria den gazte sailari dagokionez, programak eta egitasmoak bultzatuko ditu Udalak. Besteak beste, alokairu sozialera bideratutako laguntzak eskainiko ditu, «etxebizitza baita gazteen kezka nagusietako bat».
Eta haunditu egingo dira, baita ere, kale garbiketara bideratutako partida, eta parke eta lorategien mantenurako gordetakoa.
«Bide honetatik jarraitu behar dugu, elkarlanaren bidetik»
Gobernu Taldeak nabarmendu du, aurrekontuak osatzeko prozesua «inoiz izan den zabalena» izan dela: «alderdi gehienen arteko elkarlana izan da, eta adostasunak lortu ditugu. Lehenengo aldiz bildu dira hiru alderdi ezberdinen ekarpenak, eta hori historikoa da Hernaniko Udalean».
Zentzu horretan, uste du «bide horretan» jarraitu behar dutela: «aurrekontuak lantzeko modu berri bat hasi dugu, denok esfortzua eginda, eta ezker ikuspegiko alderdien artean, elkarlana emankorra izan da. Bide honetatik jarraitu behar dugu, elkarlanaren bidetik. Eta gure borondatea garbia da zentzu horretan».
Gobernu Taldea: «Aurrekontuak lantzeko modu berri bat hasi dugu, eta bide honetatik jarraitu behar dugu. Gure borondatea garbia da zentzu horretan».
Intxauspek azaldu duenez, hiru printzipio nagusitan oinarrituta osatu dituzte aurrekontuak: Hernani herri jasangarria izatea; herri parte hartzailea eta aktiboa; eta herri solidarioa, «munduari irekita baina euskal identitatetik abiatuta». Zentzu horretan, nabarmendu du Hernaniko Udalak mantendu egin duela, eta baita %0,79ra haunditu ere, garapen bidean dauden herrietara bideratutako laguntza.
«Badakigu nolako Hernani nahi dugun, eta hori lortzera bideratuko ditugu neurriak eta inbertsioak», dio alkateak.
Isabel Sanchezek, bere aldetik, azpimarratu du Udala «oso saneatuta» dagoela, eta bere zorpetze maila oso txikia dela, soilik %6koa, Gipuzkoako Udalen bataz bestekoa %39koa denean: «kudeaketa onaren emaitza da hori».
EAJ-PNV kontra, «baina zenbait gaitan adostasunak lortzeko borondatearekin»
Aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk plenoan, baina prest azaldu zen lanean jarraitzeko, «zenbait gaitan adostasunak lortzeko, eta etorkizunean, epe laburrera espero dugu, aurrekontu proiektua babestu ahal izateko», azaldu du Andoni Amonarraiz bozeramaileak.
Aurrekontuei, osoko zuzenketa bat eta 13 zuzenketa partzial aurkeztu zizkien EAJk, eta Ogasun Batzordean, eskatu zuen aurrena zuzenketa partzialak bozkatzeko, horrela osoko zuzenketa kentzeko; «baina ez zen posible izan».
EAJ-PNV: «zuzenketekin, talde politiko ezberdinen arteko akordioa bilatu dugu, eta beraz, herriko arazoei irtenbidea emateko modu desberdinen artekoa».
Zuzenketetatik 6, atzera bota zituen EAJk, batzordeetan tratatzeko konpromisoa hartu zutelako edo kontutan hartuko direlako etorkizunean. Besteak mantendu egin zituzten; esate baterako, bilketa sistemari buruzko eztabaida gune bat martxan jartzea, izendapen askeko langilerik ez egotea, edota oposizioaren lana errekonozitzea: «ez zaigu dietarik ordaintzen, ezta liberaziorik ematen ere. Bilduk rodilloa aplikatzen du, eta PSE eta EAJren hiru proposamenetatik, soilik iritsi da plenora alderdiei eta zinegotziei egin beharreko aportazioak haunditzekoa. Beraz, Orain Hernanik, PSE-EEk eta EAJk, mugatua daukagu gure ekintza politikoa, Bilduk hartzen dituen erabaki okerrengatik».
Modu berean, argitu du zuzenketa horiekin, talde politiko ezberdinen arteko akordioa bilatu dutela, eta beraz, «herriko arazoei irtenbidea emateko modu desberdinen arteko adostasuna ere bai».
Orain Hernani abstenitu, zuzenketarik aurkeztu gabe
Orain Hernani, bere aldetik, abstenitu egin zen aurrekontuaren bozketan: «batetik, ez dugulako zuzenketarik aurkeztu; bestetik, noski, ez gaudelako erabat ados EH Bilduren aurrekontu proiektuarekin; eta azkenik, beste alderdien zuzenketa batzuekin bat gatozelako».
Jaione Aristregi bozeramaileak azaldu du, bi asteko epea izan zutela zuzenketak aurkezteko; «eta kontutan hartuta gure lana daukagula, ez gaudelako liberatuta, oso denbora mugatua izan dugu horretarako. Aurrekontuak ulertzean jarri dugu gure arreta, eta ez dugu aukerarik izan zuzenketarik aurkezteko».
Orain Hernani: «gai garrantzitsua dira aurrekontuak, eta ez dugu fundamenturik gabeko zuzenketarik aurkeztu nahi izan. Orain, urtebete daukagu formatzeko».
Modu berean, nabarmendu du Udalaren kudeaketako gai garrantzitsuenetakoa direla aurrekontuak, eta guztiz ulertu ez zituzten ziur ez zeudenez, ez zutela «fundamenturik gabeko zuzenketarik» aurkeztu nahi izan: «2016koetan ez dugu esku hartu. Orain urtebete daukagu formatzeko, eta 2017koetan zentzuzko zuzenketak aurkezteko», argitu dute.
Bide batez, jakinarazi dute, 2016ko aurrekontua onartuta ere, ez dela aurrekontu itxia, aldaketak egiteko zabalik dagoela: «behar adina aldaketa egin daitezke exekutatzeko garaian, azken 8 hilabeteetan egin den bezalaxe».
PSE-EE «pozik», bere zuzenketak aurrekontuan sartu direlako
Abstenitu egin zen PSE-EE ere, EH Bilduren proiektu politikoarekin «desadostasunak eduki arren, prozesua modu egokian eraman dutelako, eta adostasun batzuk lortu ditugulako. Horren adibide da, guk aurkeztutako zuzenketa gehienak onartu edo, aldaketa batzuekin, aurrekontuetan sartu direla». Zentzu horretan, lortutako emaitzarekin «pozik» geratu da alderdi sozialista.
EAJk bezala, osoko zuzenketa bat eta zuzenketa partzialak aurkeztu zituen PSE-EEk. Guztira, 20 zuzenketa partzial ziren, eta horietatik bost jaso dira aurrekontuan, hiru puntutan bilduta, 70.100 euroko kopuruagatik: pleno aretoa berritzeko, etxebizitzak berritzeko eta Garapen Agentzia eratzeko partidak. Gainera, azaldu dute beste hainbat konpromiso ere hartu dituela Gobernu Taldeak, PSE-EEren zuzenketen inguruan.
PSE-EE: «aurrekontuak egiteko prozesua modu egokian eraman dute, eta lortu ditugu adostasun batzuk. Horren adibide, gure zuzenketa gehienak sartu direla».
Beste bost zuzenketa, berriz, baztertu egin zituen Gobernu Taldeak, eta gainerakoak PSE-EEk berak bota zituen atzera, modu batera edo bestera, aurrekontuan jasota zeudelako.
PSE-EEk azaldu du, bestalde, ez dagoela ados Gobernu Taldeak daukan Udal pertsonal politikarekin: «urteak daramazkigu salatzen, aldi baterako langileekin aritzea. Askotan esan dugu, adibidez, Udaltzain buruaren kargua barne sustapen batekin bete behar zela. Aurten, gainera, udaletxeak hartu behar ditu bere gain, Garapen Agentziarako kontratatutako langileak».