Ezker abertzaleak deituta, batzar irekia egingo da asteazkenean, 19:30etan Biterin. «Zutik Euskal Herria eztabaidatik hona aurreratutakoak neurtuz, ezinak aztertuz eta hanka sartzeetatik ikasiz, egungo belaunaldi militanteok ziklo berri honen bigarren urratsari ekingo diogu», azaldu du.
Abian, eraberritze estrategikoa
Hain zuzen, bigarren urrats hori emateko Abian prozesua jarriko du martxan, «arnas luzeko eta eraberritze estrategikoa izango dena, Euskal Estatua helburu».
Lehenengo fasean, urtarrilera bitartean, partehartzea bultzatu nahi du ezker abertzaleak. «Abian jartzeko ordua iritsi zaigu, Ezker Abertzaleko oinarri militantea eta kidetza soziala osatzen dugun guztiok eztabaidatzera eta erabakiak kolektibo gisa hartzera goaz. Gaur abian jartzen dugun prozesua integrala izango da, estrategikoa eta partehartzean oinarritua. Lehenengo fasean, gure kidegoari entzun egingo diogu, hausnarketarako espazioak gaituko ditugu, idatzizko ekarpenak bilduko ditugu».
Bigarren fasea, eztabaida
Urtarriletik aurrera, berriz, bigarren faseari, «eztabaida prozesuari» emango dio hasiera, «Ezker Abertzalearen proiektuarekin bat egiten duen herritar orori zabalik egongo diren herri eta auzoetako batzarretan. Halaber, ahalegin berezia egingo dugu prozesua gerturatzeko errepresaliatu politikoak dauden kartzela guztietara eta munduan zehar sakabanatuta dagoen erbesteratuen komunitateari».
Aldaketa haundia
Zutik Euskal Herria «estrategia aldaketa haundia» izan zela dio ezker abertzaleak. «Ziklo bat isteko hautua egin zuen, eta ziklo berria ireki zuen Ezker Abertzalearen erabakiak. Herritar orok onura gisa bizi izan duen ziklo berri baten hasiera...».
Orain, «feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia bezalako hitzak proiektu erreal eta eraginkor bilakatzea dugu xede», azaldu du.