Eguberri Kontzertuak, ongietorria Gabonei

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 19a, 01:00

Kantuan emanen diote ongietorria Gabonei, goizuetarrek. Urtero bezala, Eguberritako Kontzertua eskaini­ko dute bihar, herriko elizan, Umore Ona abesbatzako kideek, herriko gaztetxoekin batera. Eguerdiko 12:15etan izanen da, Eneko Amundarainek eta Ainara Narbartek zuzenduta.
Kantuan aterako dira abenduaren 24ko goizean ere, Olentzero hartuta etxez etxe eskean ibiltzeko, eskolako haur eta gurasoak. Eta arratsaldean, 15:30ak aldera abiatuta, presoen aldeko Olentzeroa eginen dute, herrian barrena.
Gero, 18:30etan, menditik jaitsiko dira Olentzero bera eta Mari Domingi, herritarrekin egon eta haurren gutunak jasotzeko.

Tailerrak, abenduaren 29an eta 31n
Urtea ondo bukatzeko, tailerrak ere izanen dira Goxalin, Euskara Zerbitzuak antolatuta. Hilaren 29an, 30ean eta 31n izanen dira, goizez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!