Ordenantza onartu da Udalaren lokalen erabilera arautzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 26a, 01:00

Nafarroako Aldizkari Ofizia­lean argitaratu denez, Goizue­tako Udalak urriaren 27ko Plenoan onartu zuen Udalaren lokalen erabilera arautzen duen ordenantza. 30 eguneko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta behin betiko onartua geratu da. Helburua da, Udalak utzitako lokaletan, herritarrek egin beharreko erabilera arautzea. 
Araututako lokalak honakoak dira: Medikuaren etxea, Herriko Etxeko ganbara, dan­tzetako lokala eta Xalto eskolako eraikinean dauden lokalak. Ordenantza honetan jasota ez dauden, baina izaera berdin­tsua duten lokal publikoei ere ordenantza honetan zehaztutakoa ezarri diezaieke Udalak.

Idatziz, eskaera
Erabilera eskaera egin dezaketenak pertsona fisiko zein juridikoak dira. Eta erabilera publikoko edota interes sozialeko jarduerak nahiz jolaseko eta kulturako jarduerak burutzeko izanen da.
Udaleko lokaletan antola­tzen diren ekintza eta ikuskizun guztien koordinazioa, kudeaketa eta segimentua Udalaren ardura izanen da.
Udaleko lokalak erabili nahi dituzten pertsona edo erakundeek idatziz eginen diote eskaera Goizuetako Udalari. Bertan azaldu beharko dute zertarako den, behar diren baliabideak, jarduera doakoa edo ordaindua den...
Antolatutako ekintza erabiltzaileek ordaintzekoa denean, eskatzaileak tasa ordaindu beharko du jarduera hasi aurretik. 
Gauzatutako ekintza eskatutakoarekin bat ez datorrela jakiten badu Udalak, emandako baimena bertan behera utzi dezake, tasa itzuli gabe. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!