Hernaniko Kaxkoko hainbat bizilagun kezkatuta daude, Urte Zahar gauean «suziriak botatzeko moda berria arriskutsua delako».
Hori horrela, Kaxko Elkarteak Udalari eskatu dio bizilagunak kontzientziatzeko kanpaina bat martxan jartzeko. Era berean, «hirigunean suziriak botatzeko asmoa duten herritarrei bi aldiz pentsatzeko eskatu nahi diegu, horrela, bizilagunen eta eraikinen segurtasuna bermatzeko eta egungo legea betetzeko».
«Oso erraz sortzen dira suteak; gogoratu Bermeo edota Trintxerpe»
Kaxko Elkarteak azaldu du: «suziria botatzean akatsen bat gertatzen bada, arriskutsua izan daiteke suziria bera bota duenarentzako, ez dagoelako prestatuta; inguruko pertsonentzako; eta eraikin zaharrentzako, egurrezkoak izaten baitira».
Zentzu horretan, suteak gertatzea zein erraza den gogorarazi du. «Gogoratu Bermeon 2013an edota Trintxerpen 2014an gertatutakoa».
Horregatik, «lehengo urteko emaitza onak errepikatzea» espero dutela diote, eta jai zoriontsuak opa dituzte.