Banatu dira aurtengo Kirol Sariak. Asteazkenean egin zen ekitaldia, kiroldegian. Aurreneko aldiz, herritarren boto gehien jaso zutenek jaso zituzten sariak.
Emakumezkoetan, gimnasia erritmikoko taldea
Bi hautagai zeuden Emakumezko Kirolariari Saria jasotzeko: Amaia Irazustabarrena palista eta kadete mailako gimnasia erritmikoko taldea. Azken hauek jaso zuten, azkenean, saria. Hain zuzen, June Elizalde, Ana Lujambio, Maddi Goikoetxea, Leyre Pascual eta Ane Descargak.
Kirol ibilbideagatik, bi saritu
Kirol Ibilbideagatik Saria jasotzeko, berriz, hiru ziren hautagaiak: Miguel Ezpeleta pelotari ohia, eta pelota eskolaren sortzaileetako bat; Roge Miguez, saskibaloi saila berriz martxan jarri zutenetako bat, eta orain arteko arduraduna; eta Ignacio Ocio, eskubaloi jokalari ohia, eta Hernanin eskubaloia berreskuratzen lagundu duena.
Kasu honetan, bi sari banatu ziren; Ocio eta Ezpeletak jaso zuten errekonozimendua, urte luzetan pelotaren eta eskubaloiaren alde egindako lan guztiagatik.
Desafioa eta giro ona nagusi
Sariak banatzeaz gain, desafio polit bati ere egin behar izan zioten aurre pelotari, futbolista, arraunlari eta palistek. Hainbat proba egin zituzten, beren trebezia eta abileziak erakusteko: eskubaloirako baloia porteriara bota, lokotxen modura erabili, globo karrera... Lagunartea eta giro ona izan ziren nagusi, jokalarien eta publikoaren artean.