Urrezko Bikain ziurtagiria lortu du Kronikak; euskeraren kalitate ziurtagiria, hain zuzen ere. Horrela, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu du, «euskeraren presentzia, erabilera eta kudeaketa» Kronikan, arlo guztietan.
Astelehenean egin zen ziurtagiriak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Europa Jauregian. 65 erakunderi eman zieten ziurtagiria bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Patxi Baztarrika sailburuordeak, eta Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak.
Euskeraren balioa eta ziurtagiriaren garrantzia nabarmendu zuten, eta zoriondu nahi izan zituzten lortu duten erakundeak.
250 lagun bildu ziren ekitaldian, eta Sorkunek jo zuen beste bi musikarik lagunduta.
Goi-mailako ziurtagiria, Kronikak
65 erakundetatik, 41ek jaso zuten goi-mailako ziurtagiria, urrezkoa; beste 20 erakundek, tartekoa lortu dute, zilarrezkoa; eta azkeneko lauek, oinarrizko ziurtagiria jaso dute.
Maila gorenekoa lortu du Kronikak, urrezkoa. Izan ere, 1.000 puntutik, 900 eta 949 puntua artean jaso zituen. Talde ebaluatzaile kualifikatu batek aztertu zuen Kronika, joan den azaroaren 4an, bere osotasunean eta arlo guztietan, lau ardatz kontutan hartuz: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; kanpo harremanak; barne harremanak; eta hizkuntza kudeaketa. Hori horrela, urrezko Bikain ziurtagiria esleitu zion.
Tokikomeko beste 15 bazkidek, ziurtagiria
Kronikarekin batera, Tokikomeko beste 15 bazkidek ere jaso zuten Bikain ziurtagiria astelehenean: Aiaraldea, Arabako Alea, Anboto, Atoan, Baleike, Elgoibarko Izarra, Erlo Telebista, Goierri Irrati-Telebista, Geu Gasteiz Euskalduna, Hiruka, 28 Kanala, Pil-Pilean, Totoan, Ttakun eta Urola Kostako Hedabideak. Urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuten guztiek.