Kronikak zuzentzailea behar du, berehala. Gaur hasi eta igandera arte, irekita dago epea interesa dutenek eta baldintzak betetzen dituztenek beren burua aurkeztu dezaten. Igandean bertan aukeratuko da langile berria, eta astelehenean hasi beharko du lanean.
Hamabost urteren ondoren, orain arte zuzentzaile lanetan aritu denak postua uztea erabaki du. Izan ere, egunero lan gehiegi pilatzen zitzaiola argudiatu du.
Lanaren zailtasunak eragindako presioa, errudun
Ezinbestekoa da zuzentzaile postua Kronikako eguneroko lanean. Izan ere, akats ortografiko eta gramatikalak zuzentzeaz gain, asmatu egin behar baita hutsegiterik izan ote den iristen diren abisuetan ematen diren datuetan: ordutegian, egunean...
Hain zuzen, horixe da zuentzailearen lanik garrantzitsuena, eta zailena: datuak egiaztatzea. Eta horregatik, bereziki, utzi du postua orain arteko zuzentzaileak, «gehiegizko presioa» argudiatuta.
Perfil bereziko langilea
Postu honetarako perfil bereziko langileak behar dira. Alde batetik, filologian eta itzulpengintzan lizentziatua izan behar du, Kronikan argitaratzen direnak ortografikoki eta gramatikoki zuzenak direla egiaztatzeko.
Baina, bereziki, halako sen berezi bat behar du, Kronikan iragartzen diren ekitaldien inguruko datuak Kronikari ondo jakinarazi dizkiotela asmatzeko, eta aldaketak izaten direnean, telepatikoki aldaketa horien berri jakin eta Kronikari jakinarazteko.
Ezinbestekoa izango da etorkizuna asmatzen jakitea; esoterismoan esperientzia edukitzea baloratuko da, eta erantzukizuna zuzentzailearena izango da akatsen bat eginez gero. Horrela, adibidez, ekitaldiren bat bertan behera geratu eta zuzentzailea enteratzen ez bada, Okerrak Zuzen atala zuzentzailearen argazkiarekin argitaratuko da.
Lanaldia egunero bi ordukoa izango da, baina ezinbestekoa da 24 ordutan adi egotea, aldaketei jarraipena egin eta Kronikan abisua emateko.
Lan-baldintzak
Lanaldia egunero (astelehenetik igandera), bi ordukoa izango da, 19:30etan hasita. Baina ezinbestekoa izango da 24 ordutan adi egotea, aldaketei jarraipena egin eta abisua Kronikan emateko.
Horrekin lotuta, zuzentzaileak bere telefono zenbakia herritar orori eman beharko dio, edozein momentutan abisuak jasotzeko.
Aste honetako akatsengatik barkamena, aldez aurretik
Zuzentzaile berria izendatu artean, aste honetan argitaratu daitezkeen datu okerrengatik barkamena eskatu nahi du Kronikak, aldez aurretik.