Sagardo Apurua ekimena antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, beste hainbat elkarte eta instituziorekin batera, eta gaur hasiko da. Hasiera gainera, Astigarragan emango zaio. Hain zuzen, sagardo berriaren jaitsiera antolatu dute, Astigarragatik Donostiara. Garai batean bezala, sagardo berria alan garraiatuko dute, Urumea ibaian barrena.
Goizeko 09:00etan abiatuko dira Astigarragatik eta 11:30etan iritsiko dira Donostiara. Mundaiz eta Maria Cristina zubien artean barriken deskarga egingo dute. Eta ondoren, sagardo hori Konstituzio plazara eramango dute idi pareak tirata. Urumea ibaiko jaitsiera, Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek aurrera eramandako proiektua da, besteak beste.
Lau egunez ekintza ugari, Konstituzio plazan
Sagardo Apurua ekimenaren gunea, Donostiako Konstituzio plazan izango da. Eta bertan, ekintza ugari izango dira gaurtik asteartera bitarte. Garai bateko sagardotegi bat ere egingo da, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa erakutsiz.
Goiz (11:00-14:00) eta arratsalde (17:00-20:00) egongo da irekia eta honako ekintzak antolatu dituzte: uzta berriaren probaketa, sagardoa eta deribatuak probatzeko eta erosteko aukera, pintxo probaketa inguruko tabernetan, sagardo cocktail probaketa tabernetan, sagardotegi zaharraren funtzionamendua eta egitura ezagutzeko aukera, show cooking dastatzeak eta maridajeak, hiriaren interpretazio historikoa, merkatua, bertsolariak, erromeria...
Lehena eta oraina elkartuz
Lehena eta oraina elkartzeko helburua du Sagardo Apuruak, sagardoaren kultura eta historia ezagutzera emanda. Garai batean, kupelak lehenengoz ireki eta dastatzeari deitzen zitzaion Apurua, irekiera ofizialaren aurretik egiten zen probaketari.
EGITARAUA
GAUR, LARUNBATA
09:00 Astigarragatik abiatuta, sagardo berriaren jaitsiera, Donostiara.
11:30 Sagardoaren garraioa Federico Garcia Lorca plazatik, Konstituzio plazara.
13:00 Inaugurazio ekitaldia Konstituzio plazan.
Goizean zehar, txerria erretzea.
11:00-14:00/17:00-20:00 Merkatua.
BIHAR, IGANDEA
12:30 Kata maridajea sagardoarekin.
12:00-14:00 Show cooking.
11:00-14:00/17:00-20:00 Merkatua.
11:00-14:00/17:00-20:00 Bolatokia.
18:30 Bertso saioa.
ABENDUAK 28, ASTELEHENA
11:00-14:00/17:00-20:00 umeentzat jokoak eta eskulanak.
12:30 Kata maridajea sagardoarekin.
12:00-14:00 Show cooking.
11:00-14:00/17:00-20:00 Merkatua.
11:00-14:00/17:00-20:00 Bolatokia.
ABENDUAK 29, ASTEARTEA
12:00-14:00 Show cooking.
17:00-19:15 Sagardo cocktail lehiaketa.
19:30 Lehiaketako sari banaketa eta pintxo dastaketako zozketa.
18:00-20:00 Erromeria eta itxiera ekitaldia.