Kinielak bete, edo txapelketa guztiko ezustekoa borobildu, horixe dago jokoan gaur, arratsaldeko 16:00etan Galarretan, Binakako Txapelketaren final haundian. Faborito dira Ezkurra eta Endika, baina ez dizkiete gauzak erraz jarriko Matxin IIIk eta Ionek.
Ion: «presio gabe jokatuko dugu, oharkabean iritsi gara finalera».
«Presio gabe jokatuko dugu», azaldu zuen Ionek asteartean, pelota aukeraketan: «txapelketatik oharkabean pasa gara, eta horrela iritsi gara finalera». Edozein kasutan, nagusitasunez gainditu zituzten semifinalak, bi partiduak irabazita Etxeberria IV eta Etxeberria IIIri: 40-38 eta 40-29. Gehiago sufritu zuten gaurko faboritoek, aurrera egiteko: Ezkurra eta Agirrezabalaren kontra, galdu egin zuten aurreneko partidua (37-40), eta buelta eman behar izan zioten bueltakoan (40-35).
«Polita izango da finala»
Edozein kasutan, faborito ikusten du bere burua Ezkurrak: «kantxara ateratzen naizen bakoitzean, faborito sentitzen naiz. Txapela janztea eta torneoa borobiltzea bakarrik daukat buruan».
Hain justu, iazko bi txapeldunak izango dira aurrez aurre, Ezkurra eta Ion: «iaz elkarrekin irabazteko zortea izan genuen, eta aurten maila bikainean jarraitzen du Ionek. Polita izango da finala», dio Koteto Ezkurrak.
Ezkurra: «txapela jantzi eta torneoa borobiltzea bakarrik daukat buruan».
Finalerako, «bote berezirik gabeko pelotak» aukeratu zituzten Ezkurrak eta Endikak, eta bote gutxiago daukatenak Matxin IIIk eta Ionek.