Udalak kreditu aldaketa egingo du ikastolako haunditze lanak likidatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 26a, 01:00

Astigarragako Udal gobernuak kreditu aldaketa egingo du Herri Eskolako haunditze lanak urte honetan bertan likidatzeko. Halaxe adierazi du prentsa ohar bidez: «Nahiz eta hasiera batean obra lanak 2015eko bukaeran amaituko zituztela aurreikusi, Udalak prozesu osoa bizkortu zuen irailerako lau gela prest egon behar zirela ikusita, hau da, 2015/2016 ikasturtearen hasierarako. Obrak bukatu dituztenez, faktura osoa 2015 urtea biano lehen ordaintzea erabaki du Udalak, falta den ordainketa 2016an egin ordez».

«EH Bilduren kudeaketa desegokiagatik, Udalak 280.492 euro gutxiago jasoko ditu»
Gobernu Taldeak nabarmendu du Udal talde berriak aurre egin beharko diola ikastolako haunditze lanek Udalari eragin dioten gainkostuari: «Aurreko legealdian, EH Bilduk herriko ikastetxea haunditzeko diru laguntza eskaera bideratu zuen. Hasiera batean, 886.325 euroko aurrekontua aurkeztu zuten obra plana 2014 eta 2015ean garatzeko, bi fasetan banatuta. Kopurua onartu eta diru laguntza ontzat eman zen. Eusko Jaurlaritzak obra lanen aurrekontuaren %60 ordaintzeko ardura hartu zuen. Hala eta guztiz ere, ezker abertzaleak hasierako akordioa hautsi eta bigarren faserako 1.233.200,58 euroko proiektua aurkeztu zuen», dio.

«Ezker abertzaleak hasierako akordioa hautsi eta bigarren faserako 1.233.200,58 euroko proiektua aurkeztu zuen»

Gainkostuaren errua EH Bilduri leporatzen dio Gobernu Taldeak: «EAJ-PNVk udal gobernuari eskatu zion Eusko Jaurlaritzak proiektuarekiko adostasuna erakusten zuen txostena, obra planarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Aldiz, EH Bilduk aurrera egitea erabaki zuenez, EAJ-PNV abstenitu egin zen, nahiz eta haunditze proiektuarekin ados egon, obraren garestitzeak udaletxeari ziurgabetasun ekonomikoa eragin ziezaiokeela argudiatuz».

«Eusko Jaurlaritzak hurrengo ikasturterako jangela noiz hornituko itxaron ordez, Udalak bere gain hartuko du»

Eta gaineratu du: «EH Bilduren kudeaketa desegokiagatik, Astigarragako Udalak Eusko Jaurlaritzatik espero baino 280.492 euro gutxiago jasoko ditu Herri Eskolaren haunditze lanak ordaintzeko. Udal talde jeltzaleak obren gainkostua asumitzea besterik ez daukanez, kreditu aldaketa egingo du».

Jangela erabiltzeko moduan, laster
Jangelari buruzko informazioa ere eman du Gobernu Taldeak. Jakinarazi dutenez, Udalak jangela berrian beharrezkoak diren materialen lekualdaketari ekingo dio laster. «Eusko Jaurlaritzak hurrengo ikasturterako jangela noiz hornituko itxaron ordez, Udalak tokialdaketa bere gain hartzea erabaki du ikastolako haurrek instalazio berria lehenbailehen erabili dezaten», azpimarratu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!